"Asko dago jokoan eta dena jarri behar dugu zelaian"

"Asko dago jokoan eta dena jarri behar dugu zelaian"

Valverdek azken jardunaldietan "bultzada bat emateko eta pixka bat gorago amaitzeko gai izatea" espero du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak bere iritziak eman ditu, lehoiek datorren denboraldian Europan lehiatzeko txartela lortzeko neurketa erabakigarri bat jokatu baino lehen. Bihar, 22:00etatik aurrera, San Mames bisitatuko du Real Betisek, sailkapenean aurretik duten taldea eta garaipena lortuz gero zuri-gorriek gainditu dezaketena: "Partidak behin betikoak diren fase horretan sartu gara, eta hau horietako bat da, jakina. Seigarren postuan doan aurkaria da eta hiru puntuak funtsezkoak dira bai beraientzat eta baita guretzat ere. Oraintxe bertan hori besterik ez dago. Athletic postu hauengatik borrokan egotea arrakastatsua da. Azken urteetan egin du, eta baita honetan ere. Gure zaleek bultzatzen gaituzte, baina egia da etxeko estatistika arraro samarra izaten ari dela. San Mamesen talde indartsua garela uste dut eta pozik nago hemen jokatzeaz eta jendeak gozatu ahal izateaz. LaLiga luzea da eta berdintasun handia dago. Bakoitza dagokion lekuan dago. Ea gai garen sei jardunaldi hauetan bultzada bat emateko eta pixka bat gorago amaitzeko. Amaierara arte borrokatu behar da".

Horregatik, entrenatzaile zuri-gorriak norgehiagokaren garrantzia azpimarratu du: "Neurketa honetan asko dago jokoan, eta dena jarri behar dugu zelaian, urduritasuna kontrolatuz, sortzen bada. Suertatzen diren egoerak gainditu behar ditugu, txarrak edo onak direlarik. Partida irabaztea nahi dugu eta lehen minututik saiatuko gara".

Aurkariari dagokionez, erasoko bertuteak nabarmendu ditu: "Egia da ez daudela lehen itzuliko emaitzen dinamika berean, denboraldi hasiera ikusgarria egin zutelako, oso goian sartu zirelako eta erregulartasun handia izan dutelako. Azken asteetan ez dute hori lortu. Hala ere, beti ari dira erasoko jokaldi onak proposatzen, eta teknikoki jokalari onak eta indartsuak dituzte. Joaneko partida ona izan zen bien aldetik eta, 0-0ekoa gorabehera, arriskua sortzen zen etengabe bi ateetan".

Azkenik, Valverdek aitortu du ez direla hitzordura nahi duten atsedenarekin iristen, baina egokitzea besterik ez dute: "Eragozpen bat da errekuperazio denbora gutxiago izatea, baina Betisek sufritu egin du gainerako taldeekin alderatuta ostegunetan Europan jokatzen zuenean. Ohitu egiten zara eta ezin duzu gehiegi esan. Logikoagoa irudituko zitzaidan partida hau igandean jokatzea. Badakit hor dagoela Kopako finala, baina besteok asteburu librea izango dugu, hilabete falta denean txapelketa bukatzeko, eta astean zehar estu jokatzen gabiltzanean".