1983ko txapeldunei omenaldi beroa

1983ko txapeldunei omenaldi beroa

Lau hamarkada atzera LaLiga irabazi zuten kideek Klubaren zein zalegoaren maitasuna jaso dute Real Betisen aurkako partidaren aurretik

1983ko maiatzean, Kanariar Uharteetan lortutako tituluaren eta ondoren gabarran burututako ospakizun historikoaz 40 urte betetzen diren honetan, Athletic Clubek garaipen hura lortu zuten taldeko partaideak bildu eta omendu ditu San Mamesen. 

Ekitaldi ugarirekin atondutako arratsaldearen baitan, Athletic Clubeko presidenteak, Jon Uriartek, txapeldunei harrera egin zien. Hitzartzean, talde horren arrakastak gogoratzearekin batera, laurogeiko hamarkadako garaipenek zalegoaren baitan utzitako arrasto eta ondarea goraipatuz. Ondoren, mokadu instituzional batekin lagunduta, futbolariek ohiek eta lantalde teknikoko kideek bizipen eta garaipen zaharrak elkarrekin oroitzeko beta izan zuten.

Bertan, jokalari ohiei dagokionean, Andoni Zubizarreta, Carlos Melendez, Santi Urkiaga, Andoni Goikoetxea, Jose Mari ‘Txato’ Núñez, Patxi Bolaños, Agustín Guisasola, Txetxu Gallego, Miguel de Andres, Miguel Sola, Juanjo Elgezabal, Ismael Urtubi, Dani Ruiz-Bazán, Manolo Sarabia, Txema Noriega, Estanis Argote, Julio Salinas, Rikar Arrien, Oscar Vivanco eta Endika Guarrotxena egon dira. Eurekin batera, lantalde teknikoko partaideen aldetik, Javier Clemente, Jose Angel Iribar, Manolo Delgado Meco, Miguel Gutierrez eta Angel Gorostidi egon dira. Arrazoi pertsonal eta profesionalak medio, Andoni Cedrun, Iñigo Liceranzu, Luis de la Fuente, Patxi Salinas eta Teo Rastrojo ezin izan dira San Mamesen egon. Hala ere, Athletic Clubek euren prestutasuna eta bertaratzeko egindako ahaleginak eskertu nahi dizkie. Nola ez, omenaldian zehar, euren ekarpena oso presente egon zen. 

Eguneko unerik hunkigarrienetako bat ohorezko palkoan suertatu da, txapeldunak taldeko partaide ziren eta jada gure artean ez dauden kideen senideekin elkartzean. Bertan izan dira Fernando Tirapu, Juanjo Narvaez, Natxo Biritxinaga eta Piru Gainzaren gertukoak eta, eurekin batera, Athletic Clubeko presidente izandako Pedro Aurtenetxeren alabak ere. Besarkada eta musuak hainbat oroitzapen zurigorriekin batzeko tartea.

Athletic Clubeko zuzendaritza batzordeak egindako harrera eta 1983ko kideen omenezko kamiseten banaketaren ondoren, gaueko momenturik berezienetako bat iritsi da: San Mameseko publikoak txapeldunak txalotu dituenean. Egungo jokalariengandik inguratuta eta LaLigako garaikurra eskuetan zeudela, berriro ere Katedraleko soropilera irten dira, eurekin batetan hainbat arratsalde zirraragarrietan gozatu zuen zaletuen berotasuna ostera ere jasotzeko. Emozioak eta oroitzapenak borborka, bai zuzenean bizi ahal izan zutenentzat eta zale gazteagoentzat baita, Athletic Clubaren hari eta kate amaiezina belaunaldiz belaunaldi igarotzen dela sentituz.

Anekdota gisa, aipatzea, lau hamarkada atzera bere seme-alaba Eder eta Oihanerekin egin zuen moduan, oraingoan Manolo Sarabia bere ilobekin batera zelairatu zela, une ahaztezin bat osatuz. Manolo Delgado Mecok gauza bera egin du. Bestalde, Endika Guarrotxena, 1984ko Kopako finaleko gol erabakigarria sartu zuen aurrelari getxoztarra ere berdegunean egon zen beste taldeekin batera. Izan ere, 1983ko LaLigako tituluko lantaldetik kanpo egon zen, orduan derrigorrezkoa zen soldadutza egiteko Ceutara bidali zutelako. 

Euretako batzuk, dagoeneko, oroitzapenak berritzeko beta izan zuten 1992 edo 1997an jokatutako ongintzazko partidetan, Klubak 2008an museoan gabarraren inguruan antolatutako erakusketan eta, nola ez, 2013an San Mames zaharra agurtzeko gau historikoan. Baina, oraingoan, berriro ere elkarturik, San Mamesen maitasuna eta miresmena jaso dute. Onenak izan ziren eta horren lekuko, 1983ko LaLiga eta urtebete beranduago lortutako koru hirukoitza, La Liga, Kopa eta Superkopa irabaziz. 

Soropileko omenaldiaren ondoren, txapeldunek Real Betisen kontrako partida Katedraleko palkoan ikusteko aukera izan dute. Behin neurketa amaituta, aldageletara jaitsi eta egun lantalde zurigorria osatzen duten jokalari zein teknikariekin egoteko parada izan dute. Topaketa zirraragarri honekin bukatu da Athletic Club gorenera eraman zuten ekipoaren partaideei egindako eta zinez merezitako omenaldia.

Zorionak txapeldunak! Ez dadila haria eten!