"Taldea dinamika onean dago"

"Taldea dinamika onean dago"

Iraia Iturregik jarraipena eman nahi dio taldearen bolada onari eta giro bikaina espero du Lezaman igande honetan

Athletic Clubeko entrenatzaileak bere iritziak eman ditu Klubeko hedabideetan, gaur goizean Lezamako prentsa aretoan komunikabiderik agertu ez delako. Liga F-ko 28. jardunaldia jokatzeko 24 ordu eskas falta direnean, Iraia Iturregik bere taldeak bizi duen une ona luzatzea espero du.

"Taldea oso ondo lehiatzen ari da azken partidetan. Azken hiru jardunaldiak biziak izan dira, bizitza jokoan duten taldeen aurka jokatzen ari garelako. Betisek salbazio matematikoa gertu du eta hau lortzera etorriko dira. Atea hutsean utzi dugu hiru jardunalditan ere. Bolada onari jarraipena eman nahi diogu eta zaleei urte osoan eman diguten babesa itzuli. Taldeari txapelketako partida bakoitza azkena balitz bezala bizitzeko eskatu zaio", aitortu du Iturregik.

Loiutarrak ere denboraldi zaila izan dela azpimarratu du, baina "aurten jokalariek esperientzia handia hartu dutela eta datorren urtean aurrerapausoa emango dutela uste dut. 23 urtez azpiko gazte askok minutu asko izan dituzte, eta naturaltasunez hartu dute beren lidergoa filialarekin. Etengabe hazten ari dira".

Igande berezia izango da Lezaman, emakumezkoen lehen bi taldeek ordu berean jokatuko dituztelako neurketak eta Amaren Eguna ospatzen delako. Bigarren taldeak mailari eustea jokoan izango du Rayo Vallecanoren aurka (7 zelaian, 12:00etan). Jonathan Ledesmaren neskek bi jardunaldi dituzte aurretik taldea Primera RFEF-en mantentzen saiatzeko. Iturregik esan duenez, bi taldeek aldi berean jokatzen dutenez ezin izango ditu lehen taldeko dinamikan dauden jokalariak erabili, beste batzuetan gertatu den bezala, baina bigarren taldeari asko lagunduko diote hitzordu garrantzitsu horretan. "Garrantzitsua da gure filiala bigarren maila gorenean mantentzea, gure jokalariak Lehen Mailak izan dezakeen mailatik gertuago egon daitezen".