Museoen Nazioarteko Eguna San Mamesen

Museoen Nazioarteko Eguna San Mamesen

Ostegun honetan, maiatzak 18, AC Museoak doan irekiko ditu ateak historia zuri-gorria eta Katedralaren erraiak ezagutu nahi dituzten guztientzat

Ostegun honetan, maiatzak 18, AC Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du, eta historia zuri-gorria eta San Mameseko erraiak ezagutu nahi dituzten guztiek sarrera dohainik izango dute.

Museora eta Katedraleko Tourrera sartzea debalde izango da, baina ezin izango da sarrera online erreserbatu. Bisitariak sartzen joango dira, iritsieraren eta toki libreen arabera, eta doako audiogida baten laguntza izango dute esperientzia osatzeko.

Gainera, AC Museoko erabilera anitzeko aretoan, "Lagunarteko trofeoak" aldi baterako erakusketa bisitatu ahal izango dute. Bertan, Athletic Clubek 1898an sortu zenetik lortutako lagunarteko garaikurrik esanguratsuenak aurkezten dira.

Ordutegia museoaren ohikoa izango da, 10:00etatik 20:00etara, eta musu-truk sartu ahal izango da lekua bete arte.

Museoaren aurreko Garaikurren Aretoak 20 urte bete ditu

Joan den larunbatean, 2023ko maiatzak 13, 20 urte bete ziren Athletic Clubeko Garaikurren eta Erakusketen Aretoa inauguratu zenetik, Ibaiganeko biltegi bat ordezteko asmoarekin.

San Mames zaharrean kokatua, biltegi zahar batzuk eta zelaiko Tribuna Nagusiko fatxada egokitu ondoren, 300 metro karratu zituen. Bizitza denbora mugatua zuen instalazio gisa sortu zen, San Mames berriaren eraikuntza "laster" etorriko zen zerbait baitzen.

Erakusketak Athletic Cluben historian zehar ibilbide txiki bat egiten zuen, erakundearen garaikurrik adierazgarrienen bidez, baita partikularren artean aurreko urteetan aurkitutako ekipamendu eta baloiekin ere. Horrela, 90 urteko historian lehen aldiz, Katedraleko gune ezezagunak (palkoa, prentsa aretoa, aldagelak, aulkiak) bisitatzeko aukera ematen zitzaien bazkideei eta zaleei.

2007/08 denboraldian, aldi baterako erakusketak egiten hasi ziren, eta, horretarako, Garaikurren Aretoaren espazioaren zati bat prestatu zen. Athleticen musikari buruzko erakusketak egin ziren, 1984ko Gabarrako ereserkiaren 25. urteurrena zela eta; Athleticen kromoei buruzko erakusketa antologiko bat, lehen bilduma zuri-gorria egin zenetik 100 urte bete zirenean; eta San Mameseko 100 urteei buruzko beste bat. Baita ere, Mister Pentland, Jose Antonio Agirre eta Jose Angel Iribarren erakusketa monografikoak.

2013ko maiatzaren 31n, 10 urteko ibilbidearen ondoren, Garaikurren Aretoa itxi zen San Mames zelai zaharra baino egun batzuk lehenago. Aldi horretan 237.606 pertsona igaro ziren instalazioetatik, eta denboraldi bakoitzean bisitarien kopurua hazi egin zen, 2003/04ko 9.768 bisitarietatik 2012/13ko 62.088 bisitarietara.

Europan erreferente izateko museo baterako bidea

Athleticen irudia hobetzeaz gain, Garaikurren eta Erakusketen Aretoak bazkideari eta zaleari zerbitzu berri bat emateko balio izan zuen, lehen ezin baitzen Klubaren bilduma ikusi, ezta San Mameseko Tourra egin ere. Prozesu horrek guztiak Klubaren ondare materialari eta ez-materialari balioa ematen lagundu zuen, eta esperientzia-iturri handia izan zen etorkizuneko museoarentzat, 2017ko abuztuaren 31n inauguratu baitzen gaur egungo eremuan, AC Museoa izenarekin.

Garaikurren Aretoan ez bezala, AC Museoak museo kontzeptu berri bat du -parte hartzeko museoa-, non bisitariaren sedukzioa bilatzen den museografiaren bidez, entretenimendua interaktiboekin eta emozioa ikus-entzunezkoekin, betiere 1898an sortu zenetik Athleticen historia kontatzeko helburu sendoarekin.

EMYAko finalista 2020an (Europako Kontseiluak babestutako Europako museo bati ematen zaion saririk ospetsuena), AC Museoa Bilboko aisialdiko eskaintza erreferente gisa finkatu da. 425.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute dagoeneko Athletic zer den eta nolakoa den ulertzeko ezinbesteko leku hori.