Euskal Herriko txirrindularitza eta bere afizioa, 125. urteurreneko enbaxadoreak

Euskal Herriko txirrindularitza eta bere afizioa, 125. urteurreneko enbaxadoreak

Marino Lejarretak eta Joane Somarribak jasoko dituzte intsigniak kirol honen jarraitzaileen eta bertako profesionalen izenean eta Athleticen enbaxadoreak izango dira maitzean zehar

Euskal Herriko txirrindulari eta zaletuak maiatzeko enbaxadore gisa izendatu ditu Athletic Clubek. Horiek horrela, Jon Rahmek, Jokin Altunak, Honey Tahljiek-ek eta Thomas Hitzlspergerrek osatutako zerrendari batuko dira, gure Klubaren 125 urteurreneko enbaxadore moduan. Aitortza, gainera, datorren uztailaren 1ean, San Mamesetik bertatik, abiatuko den 2023ko Frantziako Tourraren aurretik dator. Katedraletik atera ostean, Euskal Herrian zehar, Bilbon bertan, Gasteizen, Zornotzan eta Baionan etapa amaierak izango dituen edizio bereziaren atarian, ezinbesteko omenaldia izango da.

Zaletu zein txirrindularien ordezkari gisa, Athletic Clubek Joane Somarriba eta Marino Lejarreta hautatu ditu. Gure ziklismoaren historiako bi mito erraldoi hauek, Athletic Clubek eta RC Celtak datorren larunbatean San Mamesen jokatu beharreko partidaren aurretik 125 urteurreneko intsigniak jasoko dituzte ohozko palkoan egitekoa den ekitaldian. Aitortza honekin, zoragarria den zalegoa saritu nahi du Klubak.

Omenaldi honen bitartez, munduan zehar eta Euskal Herrian bertan, txirrindularitzarekiko erabateko maitasuna eta txalotzeko moduko jarrera azaldu duen zalegoa goratu nahi du Athletic Clubek. Karrerista guztiak, euren jatorri, sailkapen edo ekipoaren gainetik, kiroltasunez eta pasioz babestu dituzte. Gure Klubak mirestekoa den jarrera honekin bat egiteaz gain, balio positibo hauekiko atxikimendu osoa adierazten du.

Euskal zalegoak Athletic Clubaren esentzia modu bikainean ordezkatzen du, identitate eta pertenentzia sentimenduak modu inkondizionalean partekatuz. Gure ziklistak bertako edozein lasterketetan babestuz, baina bestelako agertoki mitikoetan azalduz. Besteak beste, Ardenetako hirukoan, Flandriako bidebazterretan, Roubaixeko infernuan edo Alpeetako zein Dolomitetako igoera malkartsuetan. Baina, bereziki, uztailero, Pirinioak ikurrinekin jantziz.

Athletic Clubek ziklismoarekiko duen lotura aspalditik dator. Izan ere, klubak berak, 1924an txirrindularitza talde bat sortu zuelako. Iragan mendeko hogeigarren hamarkadaren amaierarte martxan egon zena eta euskal eguteko lasterketarik esanguratsuenetan parte hartu zuena.

Marino Lejarreta (1957), Berrizen jaioa, igotzaile aparta izateaz gain, 1979 eta 1992 bitarte osatutako ibilbide profesionalean 52 garaipen eskuratu zituen. Bere palmaresean, besteak beste, 1982ko Espainiako Vuelta ageri da. Egutegiko hiru lasterketa handietan garaipenak lortutakoa eta Donostiako Klasikoa hirutan irabazi zuen. 1992ko Udaberri sari nagusian, Autzaganen behera, izandako erorki latz batek ziklismoa uztera behar zuen. Urte hartako abuztuaren 18an, Athleticek omenaldia eskaini zion San Mamesen, Municheko Bayernen aurka jokatutako lagunarteko partida baten aurretik.

Bere garaipenetatik harago, euskal zaletuek biziki maitatutako ziklista izan zen Marino Lejarreta. Klase handikoa, milaka jarraitzaile pilatu zituen bere belaunaldiko beste izen handi batzuekin batera, Julian Gorospe edo Fede Etxabe esaterako.

Joane Somarriba (1972) euskal txirrindularitzak eman duen emakumezkoerik inportanteena izan da. Frantziako Tourra hirutan irabazi zuen (2000, 2001 eta 2003), Italiako Giroa bitan (1999 eta 2000) eta munduko txapelketako erlojupeko saioa irabazi zuen baita (2002). Joaneren ibilbideak erreferentzia puntu eta mugarri garrantzitsua ezarri zuen emakumezko euskal txirrindularien garapenerako. 2003ko urriaren 29an, Athletic Clubek eta Malaga CFk LaLigan lehiatu beharreko norgehiagoka baten atarian, Joane Somarribak ohorezko sakea egin zuen Igor Astarloarekin batera. Aste batzuk lehenago, ermuarrak munduko txapelketa irabazita zegoen.

Izen eta puntu mitikoengatik markatutako bidearen bi erreferente dira Joane eta Marino: Eddy Merckx-ek eraso egin zuen Urduñako bihurguneetatik, Arrate edo Urkiolako aldapa malkartsuetara, San Mamesen bertan bizitzako etapa amaietaraino. Frantziako Tourrak berak sarritan jarritu ditu bere begiak gure lurrean. Horren lekuko dira, 1977an Joxe Nazabalek Gasteizen KAS taldearen omenez antolatutako egunean lortutako garaipena, Miguel Mari Lasak Miarritzen urtebete beranduago lortutakoa, 1992an Donostian egindako irteera orokorra, Nafarroa zeharkatu zuten 1996ko jardunaldi gogorrak, emakumezkoen lasterketaren hasiera Bilbon 2001ean edo bi urte beranduago Euskaltel-Euskadiko karreristen zai Baionara bidean bildutako marea laranja. Orain, bi hamarkada beranduago, Grand Depart handia Euskal Herrira bueltatzen da, zeinen bitartez Athletic Clubek gure zale eta txirrindulariei merezitako aitortza eskaini nahi die.

Bizitako une gogoangarrien eta idatzitako urrezko orrien zerrenda luzea da, ibilbide laudoriotsuena bildu zuen ziklistarengandik hasita, Miguel Indurain nafarrarengandik abiatuta. Berarekin, hainbat dira nazioarteko lasterketetan une zirraragarriak utzi dizkiguten Euskal Herriko karreristak. Atarrabiako erraldoiaren bidelagunen artean, bere taldekide Aitor Garmendia, Javier Lukin, Jose Luis Arrieta, Jose Ramon Uriarte, Julian eta Ruben Gorospe, Ramontxu Gonzalez Arrieta edo Pruden Indurain bera. Nafarraren garaikide izandako arerio nagusietako batzuk, Romingerrek eta Zullek besteak beste, hainbat euskal txirrindulari izan zituzten alboan. Arsenio Gonzalez, Fede Etxabe, Iñaki Gastón, Jon Unzaga, Javier Mauleon edo Xabier Usabiaga CLAS taldean eta, bestetik, Alberto Leanizabarrutia, David Etxebarria eta Xabier Aldanondo ONCE-ren maillotarekin. Euskaldunak liderren zaindari.

Aipatutakoei, bestelako abizen esanguratsuak gehitu behar zaizkie, Lapebie -1937ko Frantziako Tourra irabazi zuen baionarra-, Olano, Perurena, Beloki, Gabika, Loroño, Zubeldia, Lasa, Mayo, Mujika, Errandonea, Barrutia, Gandarias, Txurruka, Zubero, Yurrebaso, Gutierrez, Langarika, Garate, Intxausti, Anton, Nieve, Cabestany, Galdos, Laiseka, Osatarrak edo Gonzalez de Galdeanotarrak. Eta, nola ez, goizegi joandako Javier Otxoa edo Dina Bilbao. Ondarrutarra, aitzindaria izateaz gain, Athletic Clubek lehen taldean jokatu zuen Ruben Bilbaoren arreba zen.

Etenik gabeko kate baten parte, gure Klubaren gisara, egun Alex Aranburu, Ane Santesteban, Eider Merino, Jonathan Castroviejo, Imanol Erviti, Izagirretarrak, Lourdes Oyarbide, Mikel Bizkarra, Mikel Landa, Naia Amondarain, Pello Bilbao, Oier Lazkano edo Omar Frailerekin gozatzen dugu.

Maiatzeko enbaxadoreen izendapenak aitortza orokorra dakar, baita zerrenda luze hauetan aipatu gabe geratu diren euskal txirrindulari guztientzat ere. Baina, bereziki, Euskal Herriko zein nazioarteko errepideak betetzen dituzten gure zale paregabeentzat. Zelaian edo bidebazterretan lotzen gaituenaren metafora, euretatik kanpo batzen gaituen indarraren ikur.

Eskerrik asko.