Erronka kolektiboa San Mamesen

Erronka kolektiboa San Mamesen

Denboraldi amaieran, taldeak eta zaletuek, elkarrekin, Europan aritzeko aukerak biderkatu nahi dituzte

RC Celtaren aurkako partidarekin, larunbatean 16:15etatik aurrera, Athletic Clubek LaLigako azken txanpari helduko dio, Europako txapelketetan aritzeko txartela eskuratzeko helburu irmoarekin. Norgehiagokaren garrantzia erabatekoa da eta ahalduntze kolektiboa ezinbestekoa izango da San Mamesen hainbeste maite diren gaur europarrak berriz bizitzeko.

Oraindik 12 puntu daude jokoan eta talde galiziarraren aurkako lehiak bi asteren buruan ospatuko diren lau partiden segida irekiko du. Norgehiagoka hauek talde zurigorriaren norabidea finkatuko dute, aurrena RC Celtaren aurka eta, ondoren, Club Atlético Osasuna, Elche CF eta Real Madrid Club de Fútbol-en kontrakoak helduko dira.

Katedralera betetzeko unea da, jomuga partekatu baten bila. Erronkak duen tamainaren aurrean, ezinbestekoa da San Mamesera joatea edo bertaratu ezin direnek euren txartelak lagatzea. Ez dadila eserleku hutsik egon, taldeari bultzada emango dion ahots bakoitzak inporta duelako, helburu kolektiboa egikaritzeko bidean.

Partidak Katedraleko arratsalde handien ezaugarri guztiak ditu: Taldea Europako txapelketetan aritzeko borrokan buru-belarri murgilduta dago, familiako kide guztientzat bideragarria den ordutegi batean jokatuko da eta, gainera, bazkide gisa 50 eta 75 bete dituztenek omenaldia jasoko dute. Konpromiso eta leialtasunaren ikur, sentimendu zurigorria belaunaldiz belaunaldi helarazteaz gain, memento gozoetan disfrutatu eta gauzak kontrara etorri direnean ere tinko eusteko kapazak izan dira. Horrekin batera, Joane Somarribak eta Marino Lejarretak, euskal txirrindulari eta zaleen ordezkari moduan, Klubaren 125 urteurreneko maiatzeko enbaxadore gisa izendatzen dituzten intsigniak jasoko dituzte.

Batera egon eta indarrak biderkatzeko unea da, RC Celtaren aurkako hiru puntuetatik hasita, elkarrekin amesten jarraitzeko. Europako ortzi-muga San Mamesen azaltzen da berriz, beraz, guztion ahaleginarekin, helburua lortzeko aukera gertuago egongo da.