Leyre Monentek ez du Athleticen jarraituko

Leyre Monentek ez du Athleticen jarraituko

Aurrelari zuri-gorriari ekainean bukatzen zaio kontratua. 2015ean harrobiko talderako fitxatu zuten eta elitean lau denboraldi jokatu eta gero, agur esango dio orain Athletici

Leyre Monentek ez du Athletic Cluben jarraituko ekainaren 30ean Athleticekin duen kontratu-harremana amaitu ondoren. Aurrelaria 2015-16 denboraldian iritsi zen Lezamara, Logroñotik, eta bigarren taldean aritu ondoren, 31 partida jokatu eta bi gol sartu ditu lehen taldearekin elitean egin dituen lau denboraldietan.

Harrobiko taldean egin zuen lehen denboraldian 15 gol sartu zituen eta hurrengo ikasturtean Joseba Aguirrek Lehen Mailan debuta egiteko aukera eman zion, Levante UD taldearen aurka El Terrer de Paiportan. Bere parte-hartzea lehen taldearekin txandakatu zuen 2021-22 denboraldian elitean fitxa eskuratu zuen arte.

Monentek hainbat lesio gainditu ditu urte hauetan; larriena, 2017ko urrian, harrobiko taldeak Pradejonen jokatu zuen partida batean. Jokalariak aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen, zenbait eragozpenekin, eta horrek zelaietatik urrun eduki zuen urtebete baino gehiagoz. Geroago, hainbat aldiz ebakuntza egin behar izan zioten eskuineko sorbaldan zuen ezegonkortasuna arintzeko.

Aurtengo ikasturtean, Monentek Liga F-ko bi partidatan parte hartu du. Larunbat honetan, Lezaman, zaleei agur esateko aukera izango du etxean, Villarreal CF-ren aurkako partidan. Gerora Kopa ere du zain. 

Athleticek eskerrak eman nahi dizkio jokalariari gure erakundearen alde egindako profesionaltasunagatik, ahaleginagatik eta dedikazioagatik, eta onena opa dio bere etorkizun pertsonal eta profesionalean.