Real Madrid, Kopako finala jokatzeko azken oztopoa

Real Madrid, Kopako finala jokatzeko azken oztopoa

Athletic Clubek talde merengea izango du aurkari bihar, 21:00etatik aurrera, Erreginaren Kopako finalerdian

Liga F txapelketa amaituta, helburu bakar eta sendo bat geratzen da: Erreginaren Kopa irabaztea. Finala jokatu aurreko azken oztopoa Real Madrid izango da. K.O txapelketan elkarren aurka inoiz jokatu gabeko lehia izango da, Madrilgo Butarque zelaian, CD Leganesen etxean, eta zuri-gorriak etxeko talde gisa jokatuko dute. Madrilgo hegoko hiri honek Lauko Final handia hartuko du, lehenengo, Alhama CF eta Atletico Madrilen arteko finalaurrekoarekin (gaur gauean, 21:00etan jokatuko dena) eta biharko lehoien eta merengeen arteko hitzorduarekin. Iraia Iturregik zuzentzen duen taldeak Madril CFF eta CA Osasuna kanporatu zituen finalerdietara iristeko, eta Alberto Torilenek Albacete Fundazioa eta Villarreal CF kanporatu zituzten.

Athletic Clubek oraindik ezin izan du Kopako garaikurra eskuratu, finalera iritsi den bi aldietan galdu baitu. Las Rozasen eta Ceutan lehoiek oso gertu izan zuten garaipena; hain zuzen ere, lehena luzapenean eta bestea penaltietan kale egin zuten. Iturregiren jokalariek ez dute hirugarren aukera bat xahutu nahi eta, horretarako, Real Madrid mendean hartu beharko dute.

Weir eta Esther, ligako txapeldunordearen mehatxu handienak

Finalaurreko aurkaria, ligako txapeldunordea bilakatu da denboraldi honetan, 75 punturekin. Potentzial handia duen taldea da, jokalari internazional asko dituena. Caroline Weir, Feller, Kathellen eta Caicedo dira txapelketa erregularrean 80 gol sartu dituen Real Madrilen izen nagusietako batzuk.

Iturregik ezin izango du Bibi atzelaria finalerdirako berreskuratu, baina Azkonak eta Oguizak, larunbatean Villarreal CF taldearen aurka minutuak izan zituztenek, taldearekin parte hartzeko gai izango dira. Lehoiek ilusio handiko eta gaztetasuna nagusi den espedizio batekin bidaiatuko dute. Kopako garaikurra itzultzeko asmo biziarekin, Jon Uriarte presidentea ere taldearekin batera joan da Leganesera. Athletic Cluben deialdia honako jokalari hauek osatzen dute: Quiñones, Amaia Peña, Astralaga, Landaluze, Naroa, Valdezate, Nekane, Y. Corres, Monente, Oihane, Oguiza, Eunate, Pinedo, Azkona, Nerea Nevado, Itxaso, Mariana, Arana, Peke, Elexpuru, S. Ortega, M. Zubieta eta Jone Amezaga.