"Une ezin hobea da Europarantz urrats garrantzitsu bat emateko"

"Une ezin hobea da Europarantz urrats garrantzitsu bat emateko"

Unai Simonek espero du Athleticek "konfiantzaz eta ausardiaz" aurre egingo diola Osasunaren aurkako partidari, txapelketa kontinentaletarako borrokan "ezinbesteko" hiru puntu lortu ahal izateko

"Celtaren aurkako garaipen garrantzitsu batetik gatoz, baina ez du ezertarako balio Osasuna mendean hartzea lortzen ez badugu. Denboraldi amaieran gauden posizioan egotea da garrantzitsua eta osteguneko partida ezinbestekoa da hori lortzeko eta, horrela, Europan sartzeko". Unai Simonek argi eta garbi hitz egin du aste honetan gorritxoek eta zurigorriek Sadarren jokatuko duten norgehiagokak duen garrantziari buruz. Hiru partida besterik ez dira falta jokatzeke eta Athletic Clubek bere esku du Europako helburua lortzeko, baina ez dago hutsegiterik: "Berdin dio sailkapenari begiratzea. Egin behar dugun gauza bakarra Iruñean inposatzea da. Talde asko daude borrokan sartuta, eta ez baduzu punturik lortzen, gainerakoek harrapatuko zaituzte. Gure esku dago eta guk geuk irabazi behar dugu".

Osteguneko derbia (21:30ean), LaLigako 36. jardunaldia itxiko duena, Athletic Clubek eta Osasunak aurten elkarren aurka jokatuko duten laugarren aldia izango da: "Konfiantzaz eta ausardiaz jokatu behar dugu. Beldurrez baldin bagoaz, ez gara behar bezain aske eta ondo egongo. Une egokia da Europan sartu nahi dugula ikusarazteko, eta urrats hori eman behar dugu. Denboraldi honetako partida askotako joko ona egiten badugu, defentsan sendotasuna mantentzen badugu eta areetan asmatzen badugu, irabazi dezakegu".

Athleticek, aurretik borroka gogorra geratzen den arren, gertu du Europako txapelketetara sailkatzeko helburua lortzeko aukera. Jokalari gehienek irrikaz espero dute oraindik izan ez duten aukera hori izatea: "Beteranoek Europa jokatzeak zer suposatzen duen adierazi digute, baina gazteok ez gara jabetzen Klubari zer ematen dion. Balio garrantzitsu hori eman behar diogu, lortu ahal izateko".