
Errekorren denboraldia Sare Sozialetan
Errekorren denboraldia Sare Sozialetan
Athletic Clubek bikoiztu egin du jarraitzaileen kopurua kontu ofizialetan aurreko kanpainarekin alderatuta eta 7,5 milioi follower ditu guztira
Komunitate zuri-gorriak gorakada nabarmena izan du sare sozialetan 2022/23 denboraldian, aurreko kirol urteko jarraitzaile kopurua bikoiztuz. 2021/22 denboraldiaren amaieran Klubak 3.5 milioi follower bazituen, kirol urte honetan 7.5 milioi jarraitzaile pilatu ditu bere 12 kontu ofizialetan: 5 profil X-en (lehen Twitter deitzen zena), Instagrameko biak eta bat TikTok, Facebook, Youtube, Weibo eta LinkedInen.
Horrela, Athletic Clubek LaLigaren helburu nagusietako bat bete du: txapelketako kluben sare sozialetara jarraitzaile gehiago erakartzea. Horri helduta, Klubak komunikazio digitalaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitu du eta 2022/23 denboraldia errekorrena bihurtu du. Athleticen sare sozialetako 12 kanaletan followerrak ugaritu izanak, eta profilen audientzia ezberdinetarako eduki fresko eta erakargarria sortzeko eguneroko lanak, jarraitzaileekin batera sortutako 10 milioi baino gehiagoko interakzio gehikuntza ekarri dute, 46.7 milioi guztira.
Athletic Clubek kirol urtean zehar pilatu duen bideo-bistaratzeen datua, zalantzarik gabe, sare sozialetan etengabe gertatzen diren aldaketen beste ebidentzia bat da, bai eta komunikazio saila horietara moldatzeko duen gaitasunaren adibidea ere. Izan ere, ikusentzunezkoa irudi estatikoaren oso gainetik dago jada kontsumoari dagokionez. 2022/23 kanpaina bideoen 335 milioi bistaratzerekin itxi da, hau da, aurreko denboraldiko 81 milioiekin alderatuta, %313ko hazkundea gertatu da, Instagrameko reelak eta TikTok izanik audientzia digitalak gehien kontsumitzen dituen edukiak.
Eduki eta formatuen berrikuntzarekin batera, Athletic Clubek arabierazko kontu ofiziala jarri zuen abian 2022/23 denboraldiaren amaieran, LaLigaren laguntzarekin, X kanalaren bidez (lehengo Twitter). MENA eskualdeko biztanleengana hurbiltzeko eta etorkizunean lurralde horretan aukera estrategikoak sortzeko helburuarekin abiatu da profil hau.