Ateak zabalik Athleticen denboraldiaurreko lehen egunean

Ateak zabalik Athleticen denboraldiaurreko lehen egunean

Lehoiek ostegun arratsaldean (18:00etan) eta larunbat goizean (10:30ean) hasiko dituzte entrenamenduak, zaleek lagunduta.

Athletic Clubeko gizonezkoen lehen taldea Lezamako entrenamenduetara itzuliko da ostegun honetan, uztailak 6, lan saio bikoitzean. Arratsaldekoa, 18:00etan, ateak irekita egingo da. Hurrengo entrenamendua larunbatean izango da, uztailaren 8an, 10:30etatik aurrera.

Jokalarien eta baloiaren arteko lehen hartu-eman hori ikusi nahi duten guztiek lurpeko aparkalekuaren sarreratik sartu beharko dute Lezamako instalazioetara, eta bertan utzi ahal izango dituzte beren ibilgailuak, hala nahi badute.

Ernesto Valverdek eta bere talde teknikoak ez dute denboraldiaurre honetan Unai Simon, Julen Agirrezabala, Oihan Sancet eta Aitor Paredes hasieratik izango, eta Asier Villalibrek ere ez, Alavesekin izandako igoera playoffaren ondorioz gainerako taldekideek baino beranduago amaitu baitzuen lehiaketa.