Galarreta: "Beti izan dut itzultzeko ametsa eta konfiantza"

Galarreta: "Beti izan dut itzultzeko ametsa eta konfiantza"

Jon Uriarte presidenteak eta Mikel Gonzalez futboleko zuzendari nagusiak lagunduta, Iñigo Ruiz de Galarreta Athletic Clubeko jokalari gisa aurkeztu dute San Mamesen

Gizonezkoen lehen taldea Lezaman entrenatzen hasteko bi egun falta direnean, gaur Iñigo Ruiz de Galarreta aurkeztu dute San Mamesen Athleticeko jokalari berri gisa. Prentsa aretoan Jon Uriarte presidenteak eta Mikel Gonzalez futbol zuzendari nagusiak lagunduta, eibartarrak aitortu du etxera itzultzeko ametsa bete duela: "Beti izan dut barruan bueltatzeko ilusioa eta konfiantza. Banekien urtetik urtera zailagoa izango zela, baina lanak fruituak eman ditu. Hasi besterik ez dut egin nahi, eta esperientzia honetaz ahal dudan guztia gozatu".

Galarreta 9 urterekin sartu zen Lezaman 2003an, eta maila guztietatik urratsez urrats gora egin eta lehen taldean debutatu ondoren, lesioa izan zuen, eta bederatzi partida baino ez zituen jokatu elitean. 2013an klubetik atera zen: "Bideak beste leku batzuetara eraman ninduen, eta horiek ere gozatu egin ditut. Jokalari eta pertsona hobea egin nauten esperientzia berriak bizitzeko balio izan didate. Uste dut une onean itzuli naizela, helduago eta gauzei aurre egiteko beste pentsamolde batekin".

Etxera itzultzeaz ezin pozago dagoela onartu du eibartarrak: "Argi daukat aukera berri honetaz ahal dudan guztia gozatu nahi dudala. Kalitate handiko talde handi batera iristen naiz, eta jokalari bikainak daude nire postuan. Badakit lan asko egin beharko dudala hamaikakoan toki bat lortzeko. Hala ere, tokatzen zaidan lekutik lagundu nahi dut".

Galarretak Athleticen interesaren berri nola jaso zuen azaldu du: "Nire ordezkariaren audio bat jaso nuen eta aurpegia aldatu zitzaidan. Ez nuen izan zalantzarik dena eman zidaten lekura itzultzeko. Bere garaian, nire erreferenteak, Gurpegi eta Orbaiz bezalako jokalariak ezagutzeko plazera izan nuen, gaur egun nire lagun izaten jarraitzen dutenak. Orain taldekide asko ezagutu behar ditut eta horretarako gogo handia dut".

 

"Lanaren, ahaleginaren eta pasioaren adibide"

Jon Uriarte Athleticeko presidenteak Galarretak ezbeharrak gainditzeko duen gaitasuna azpimarratu du: "Iñigok oztopoak gainditzeko grina ikaragarria erakutsi du beti, lesio larriak tarteko, joko estilo ezberdinetara egokitu behar izan du, eta ez du inoiz amore eman. Egon den tokian arrasto zoragarria utzi du, eta bestela galdetu dezatela Mallorcan. Ez du etxera itzultzeko zalantzarik izan eta oso harro gaude denok".

Mikel Gonzalezek, bere aldetik, jokalariaren etengabeko lana azpimarratu du bere itzulerarako giltzarri gisa: "Ahaleginarekin eta hobetzeko grinarekin Athleticen atea berriro irekitzea posible dela erakusten duen adibide argia da Galarreta. Pozik gaude bere itzulerarekin, zelaian oso ona izateaz gain, giza balio ikaragarria du eta Klubaren esentzia aldagelan transmititzen lagunduko digu".