
Muniainek De Marcosi, “Ez dadila haria eten”
Muniainek De Marcosi, “Ez dadila haria eten”
Igandean, Athletic Club-Real Betis partidaren atarian, jokalari nafarrak arabarrari zuri-gorri gisa jokatutako 500 partidak aitortzeko oroigarria emango dio
Kapitain batek beste bati, nafarrak eta arabarrari (biak Made in Euskal Herria). Datorren igandean, Real Betisen aurkako partidaren atarian, Iker Muniainek oroigarria emango dio Oscar De Marcosi, abuztuaren 12an Real Madriden aurka kamiseta zuri-gorriarekin jokatu zuen 500. partida saritzeko. Iaz Muniainek Markel Susaetaren eskuetatik oroigarria jaso zuen bezala, De Marcosek Muniainengandik jasoko du, Athletic Cluben nortasun bakarra elikatzen duen futbolarien katearen beste lagin baten erakusle izango den ekitaldian. Horrela, Katedralak De Marcosi merezi duen txalo zaparrada eskaintzeko aukera izango du, bere kirol-balentriagatik eta gure Klubari lotutako balioak modu ezin hobean pertsonifikatzeagatik.
Guardiako hegalekoak Real Madriden aurkako partidan, 500 partida bete zueneko besoko originala da oroigarriaren atal garrantzitsuena. Erretxinekin landu eta solidotutako oihalaren gainean, ikurrinaren koloreak, Athletic Clubeko armarria eta norgehiagokaren data (2023ko abuztuaren 12a) nabarmentzen dira. Azpian, oso harri berezia du, San Mames zaharretik aukeratua, Athletic Cluben 125 urteko historiarekin lotura duena. Eta, azkenik, haritz-zurezko idulki batek eusten du harria eta besokoa, adorearen eta irmotasunaren sinboloa dena. Bertan, efemeridearen datuak eta "Ez dadila haria eten" esaldia daude grabatuta. Iñaki Arce artista deustuarrak parte hartu du Klubak diseinatutako obraren exekuzioan.
Zelaian bertan egingo den ekitaldia laburra izango da, baina tradizio bilakatzeko asmoa duena: 500 partida beteko dituen azken aurreko futbolariak (De Marcos bera izango litzateke hurrengoa) oroigarri sinboliko hau emango dio hori lortzen duen hurrengo jokalariari, Iribar (614), Rojo I (541), Etxeberria (514) eta Iraola (510) jokalarien eta egun Iker Muniainek (536) eta Oscar De Marcosek (501) bizirik mantentzen duten katera batu egingo litzakeenari.
Ikusleei Real Betisen aurkako partidara denborarekin joateko gomendioa luzatzen zaie Oscar De Marcosen omenaldian parte hartu ahal izateko.