Euskal Non-League Day: Deusto – San Ignacio

Euskal Non-League Day: Deusto – San Ignacio

Hamarkada batean, 1917tik 1927ra bitartean, talde tomate-saltzaileak 20 aldiz jokatu zuen Athleticen aurka, eta talde garrantzitsua izan zen historia zuri-gorriko 125 urteetan

SD Deusto 1913an sortu zen, Deustu oraindik udalerri independentea zenean eta hiribilduarekin bat egin aurretik. Denboraren poderioz, Deustu Bilboko tradizio handiko auzoetako bat bihurtuko zen, eta ez zuen inoiz galduko nortasun propioak ematen duen pertenentzia-harrotasun hori. Zalantzarik gabe, hogeiko hamarkadan Deusto taldeak bizi izan zuen urrezko aroak indartu egin zuen kide izatearen harrotasun hori. Epe horretan, 1917tik 1927ra bitartean, talde tomate-saltzaileak 20 aldiz jokatu zuen Athleticen aurka, horietako 13 Eskualde Txapelketari zegozkionak, non Arenas Club edo Racing Club de Santander bezalako aurkari indartsuen aurka maila gorenean lehiatzen zen (biak, LaLigaren sortzaileak 1928an).

Garai zoragarri haietan Deuston zein Athleticen jokatu duten futbolarietako batzuk daude: Juanin, Urkizu, Galatas, Cortadi, Erice eta Carmelo Goienetxea aurrelari aparta, hamar denboralditan 109 partida jokatu eta 50 gol sartu zituena. Gerra ondorengo garaietatik Bertol ospetsua nabarmendu behar da, Deuston jokatu baitzuen Athleticera joan aurretik. Atzeko erdilariak 247 partida jokatu zituen 13 denboralditan, eta Liga bat (1942-43), hiru Kopa jarraian (43,44 eta 45) eta bi Eskualde Txapelketa (1938-39, 1939-40) irabazi zituen.

Bi klubetan aritu diren beste jokalari batzuk Mentxaka, Izaola, Esturo, Deusto, Lander Iraragorri, Xabier Eskurza edo Aitor Larrazabal, Athleticeko One Club Man, dira. Transmisio-kate horrek bizirik dirau gaur egun lehen taldeko gure jokalarietako batekin, Adu Aresekin, zeinak, gaztea izanik, talde tomate-saltzaile historikoarekin jokatu zuen. Bitxikeria gisa, Athletic Clubeko egungo presidentea den Jon Uriartek ere Deustun jokatu zuen.

Euskal Non-League Day partida San Ignacioren aurka

3. RFEF-ko egutegiaren arabera, Deusto – Gasteizko San Ignacio partida interesgarria egongo da irailaren 9ko Non-League Dayko jardunaldian. Neurketa Sarrikoko Etxezuri zelaian jokatuko da, arratsaldeko 17:30ean. Euskal Non-League Day barruan jokatuko diren gainerako partidetan bezala, partidaren atsedenaldian Athleticeko lehen taldeen elastikoen zozketa egingo da, baita datorren asteburuan San Mamesen Cadizen aurka jokatuko den partidarako bi VIP sarrerena ere.