
Hurrengo erronka: etxetik kanpo lehen puntuak batzea
Hurrengo erronka: etxetik kanpo lehen puntuak batzea
Athletic Clubek txapelketako bosgarren jardunaldian Liga F-ko azken sailkatua den Villarreal CF izango du bihar aurkari
Lezaman bi garaipen jarraian eta birritan atea hutsik utzi ondoren, lehoiak Castellon arituko da bihar Villarreal CF taldearen aurka jokatzeko. Partida 12:00etan hasiko da José Manuel Llaneza Kirol Hirian. Etxeko lanak argiak dira: Atletico Madril eta Levante Las Planasen aurka jokatutako bi partidak galdu ostean, David Aznarren taldeak etxetik kanpo lehen puntuak lortu nahi ditu. Gainera, hirugarren garaipena jarraian lortzeak Realaren aurkako derbia gogo beteekin eta bolada bikainean prestatzea ahalbidetuko luke.
Talde horia Liga F-ko azken sailkatua da eta oraindik ez du garaipenik eskuratu. Sara Monfortek zuzentzen duen taldeak, Atletico Madriden aurkako neurketa izan ezik, norgehiagoka guztiak galdu ditu. Hala ere, Alfredo Di Stefano Kirol Hirian jokatu zuten azken jardunaldiak argi utzi zuen oso ondo lehiatzen den taldea dela eta denboraldiko lehen hiru puntuak etxean eskuratzen saiatuko dira. Aurtengo denboraldirako etxeko taldeak Sheila Guijarro aurrelaria galdu du, egun Atletico Madriden jokatzen duena eta Alcalan jokatutako norgehiagokan lehoiei bi gol sartu ziena. Hala ere, taldea indartu nahian, Virginia Torrecilla beteranoa fitxatu dute. Orokorrean, talde horiak pasa den denboraldiko blokea mantendu du eta Monfortek seigarren denboraldia egingo du groguet taldeko teknikari gisa. Iaz, Lezaman jokatu zen azken jardunaldian, Villarreal CF-k mailari eustea lortu zuen eta aurten ere Lehen Mailan mantentzea dute helburu, ziurrenik hainbeste estutasun pasatu gabe.
Lehoiek, berriz, sailkapenean gora egin nahi dute, Reala etxean hartu aurretik, urriaren 22an (igandea, 12:00etan). Horretarako, David Aznarrek 19 jokalarirekin bidaiatuko du Castellora. Horien artean Ane Azkona (ezker orkatilan mina hartu duelarik) eta Elexpuru (eskuin hankako iskiotibialean arazoak dituelarik) ez dira izango.

Erlazionatutako partidak
Villarreal CF - Athletic Club


