Kamerungo eta San Mameseko lehoi menderaezinak

Kamerungo eta San Mameseko lehoi menderaezinak

Tommy N´Kono atezain mitikoa Carlos Melendez eta Gorka Iraizozekin elkartu zen

Iragan urriaren 10ean, Athletic Clubek antolatzen duen Thinking Footbal Film Festival jaialdiaren baitan, “Green Lions” filmea proiektatu zen, 1990eko munduko txapelketan Kamerungo futbol selekzioak egindako balentria ardatz. Lorpen horretako protagonista nagusienetako bat, Thomas N´Kono, Espanyol taldeko atezain ohia, BBK Aretoan egon zen.

Proiekzioaren aurretik, kamerundarrak Jose Angel Iribarren tamainako beste mito bat agurtzearekin batera, Carlos Melendez eta Gorka Iraizozekin berriz elkartzeko beta izan zuen. Aurrenekoarekin, aldagela partekatu zuen 1986 eta 1990 urteak bitarte, 1988ko UEFA txapelketako finala jokatzeko txartela eskuratuz. Javier Clementek zuzendutako talde horretan, Ernesto Valverde edo Santi Urkiaga ere lantalde horretako partaideak ziren. 


Behin erretiroa hartuta, kamerundarrak talde kataluniarraren atezainak prestatzeko ardura hartu zuen. Ekinbide horretan, besteak beste, Gorka Iraizoz bere aginduetara egon zen. Antsoaindarrak Espanyolen maila bikaina erakutsi ostean, Athletic Clubera itzultzeko aukera izan zuen. 

N´Kono-k, Afrikako futbolaren historiako mito nagusienetako batek, kirol ibilbidean egindako giza harremanen garrantzia azpimarratu zuen. Horrekin batera, 1982an Bilbora egindako aurreneko bisita gogoratu zuen: Elurpean jokatutako partida ahaztezinean, San Mameseko lehoiek bost eta bi emaitzarekin irabaztea lortu zuten.