Lezama, Europako liga handienetan jokalari gehien ematen dituen zazpigarren harrobia

Lezama, Europako liga handienetan jokalari gehien ematen dituen zazpigarren harrobia

24 futbolarirekin, rankingean Real Madrid (44), FC Barcelona (40), Olympique Lyonnais (31), Valencia CF (29), Paris St. Germain (28) eta Manchester United (26) taldeen ondoren agertzen da

Athletic Clubeko harrobia Europako bost liga handienetan (LaLiga, Premier League, Bundesliga, Serie A eta Ligue 1) jokalari gehien ematen dituen zazpigarrena da. Hala dio CIES Football Observatory Suitzako ikerketa-zentro ospetsuaren azken txostenak.

Athletic Clubeko harrobiko 24 jokalarik jokatzen dute txapelketa handi horietako batean, gehienak, 16, lehen talde zuri-gorrian: Unai Simon, Agirrezabala, Vivian, Paredes, Yeray, Imanol, Sancet, Ruiz de Galarreta, Nolaskoain, Prados, Unai Gómez, Iñaki Williams, Muniain, Nico Williams, Guruzeta eta Villalibre. Athleticetik kanpo: Kepa (Real Madril), Remiro (Reala), Aitor Fernandez (CA Osasuna), Raul Fernandez (Granada CF), Unai Lopez (Rayo Vallecano), Unai Nuñez (RC Celta), Jesus Areso (CA Osasuna) eta Oier Zarraga (Udinese).

Sailkapenaren buruan Real Madril dago 44 jokalarirekin, ondoren Barça (40), Olympique Lyonnais (31), Valentzia (29), PSG (28) eta Manchester United (26) daude. Zerrendan hurrengoa Athletic da (24). Top-10 Hoffenheimek (24), Chelseak (23) eta Bayern Munichek (23) osatzen dute.

CIES Futbol Behatokiak UEFAren irizpideei jarraitzen die harrobiko futbolari bat aintzat hartzeko, klubeko taldeetan 15 eta 21 urte bitartean gutxienez hiru denboralditan zehar jokatu dutenak halakotzat hartuz. Hori dela eta, txostenaren arabera, egungo lantaldearen 16 kide daude zerrendan, eta kanpoan utzi ditu 15 urte bete baino lehen klubeko harrobiko jokalaria izateagatik edo hitzartutako klubetan ibiltzeagatik 15 eta 21 urte bitartean Athletic Cluben hiru urte osorik jokatu ez duten beste batzuk. Beraz, Lezamako filialetatik igaro diren Lekue, Vesga, Yuri, De Marcos eta Adu Ares ez daude txostenean agertzen diren 16 jokalarien artean.

Bestalde, CIESek azpimarratu du Athletic dela gaur egun bere harrobiko futbolari gehien dituen taldea, 16 jokalarirekin. Ondoren, Reala (12), Valentzia (11), Friburgo (9), Osasuna (9), Las Palmas (9) eta Barça (8) ageri dira.