BAKEAREN aldeko ikurra San Mamesen

BAKEAREN aldeko ikurra San Mamesen

Athletic Clubek Ivan Illarramendiren heriotza deitoratu eta Giza Eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren errespetua aldarrikatu du

Athletic Clubek, RC Celtaren aurkako partida hasi aurretik, San Mameseko erdiko zirkulua BAKEAREN aldeko ikur bihurtuko du, Giza Eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren errespetua aldarrikatzeko. Hortaz, Klubak bat egin du Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiaren urriaren 27ko ebazpenarekin, “Gazako Zerrendan berehalako su-eten humanitarioa, iraunkorra eta jarraitua” eskatzeko, “liskarrak eteteko”.
 
Egoeraren gordintasuna mingarria eta urragarria da familia askorentzat. Bestalde, Athletic Clubek Ivan Illarramendiren heriotza deitoratu du. Joan den urriaren 7an desagertu zen, Hamasek Israelen egindako erasoaren ostean. Ivan Illarramendi euskalduna zen, bilbotarra, eta Athleticeko bazkide izan zen atzerrira bizitzera joan aurretik. Klubak doluminik bizienak adierazi eta atsekabea erakutsi nahi dizkie une latz hauetan bere senideei eta lagun maiteei.
 
Klubak, bakearen aldeko sinboloaren bidez, elkartasuna adierazten die publikoki azken asteetan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa larrien biktimei, milaka haur barne. Halaber, biktima horiek errespetatzeko, nazioarteko legedia betetzeko eta konponbide baketsu iraunkorra lortzeko bideak jartzeko eskatzen du.
 
Era berean, Klubak Honey Thaljieh, Palestina futbol selekzioaren sortzaileetako bat eta kapitain ohia, gogoratu nahi du; izan ere, Athletic Clubeko enbaxadore izendatua izan zen joan den martxoan, bere herrian genero berdintasunaren alde eta bakearen alde egindako borrokagatik. Eskaera hori inoiz baino ezinbestekoagoa da orain. Giza Eskubideak eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa errespetatu eta betetzeko, ezinbestekoa da biztanleria zibilaren aurkako eraso indiskriminatuak etetea, laguntza humanitarioa sartzea eta bahituak berehala askatzea.
 
Athletic Clubek badaki munduan hamarnaka gatazka armatu daudela. Aipatutako inguruabar bereziek bultzatu dute Kluba egungo unea egokitzat hartzera bakearen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren aldeko mezu unibertsal hau zabaltzeko. Athletic Cluben nortasunari lotutako balio eta printzipioek, erakundearen 125. urteurrenean ikusgai jarritakoek, Klubaren erantzukizun sozial eta etikoa agerian uzten dute, aniztasuna, inklusioa, genero-berdintasuna edo kulturari babesa bezalako elementuak sustatuz. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako balioak eta printzipioak dira, eta Athletic Clubek aniztasuna, bizikidetza eta demokrazia gauzatzeko funtsezko esparrutzat hartzen ditu.