Caparrosi omenaldi hunkigarria Sevillan
Caparrosi omenaldi hunkigarria Sevillan
Klub andaluziarrak Urrezko Aulkia saria eman dio Jose Angel Iribar eta Jon Uriarte presente izan dituen ekitaldi hunkigarri batean
Athletic Clubek Joaquin Caparrosi egindako merezitako omenaldi hunkigarri batean parte hartu du gaur eguerdian, Sevilla FCk gonbidatuta. Caparros talde andaluziarreko legenda da, bai eta historia zuri-gorrian partida gehien zuzendu dituen laugarren entrenatzailea. Utrerakoak Urrezko Aulkia saria jaso du, orain arte beste pertsona batek baino jaso ez zuena, Manolo Cardok, hain zuzen.
Pepe Castro presidentea eta Jesus Navas eta Sergio Ramos jokalariak buru izan dituen Sevillako ordezkaritzaz gain, Athletic Clubek bertaratze esanguratsua izan du ekitaldian, Jon Uriarte egungo presidentearen eta Fernando Garcia Macua presidente ohiaren hitzaldiekin, bai eta Jose Angel Iribarren presentziarekin.
Hain zuzen ere, Jose Angel Iribarrek eta Jon Uriartek 125. urteurrenaren intsignia oparitu diote Caparrosi. Sari hori gure enbaxadoreek baino ez dute, baina teknikariak ondo merezi du Bilbon egindako ibilbideagatik eta gure Klubari egindako eskainitako hitz ederrengatik. Bilboko Udaletxeko balkoian atera zitzaion argazki bat ere eman zaio, Mestallako finalaren osteko harreran zale zuri-gorriak besarkatuz agertzen dena.
😌 @JoaquinCaparros-i omenaldi hunkigarria @SevillaFC-ren eskutik.
— Athletic Club (@athletic_eus) November 21, 2023
Honako hauek izan dira Jon Uriartek eta Iribarrek eskaini dioten esker hitzak. @athletic_eus-eko familiak ez zaitu inoiz ahaztuko.
👏🦁 Beti izango zara gutariko bat, Jokin! https://t.co/TrGb3XsRy6
Presidentearen hitzetan, Caparrosek arrastoa utzi zuen Bilbon: "Joaquin maitea, edo Jokin, hainbeste maitasunez Bilbon bataiatu zaitugun bezala. Ez dugu inoiz ahaztuko Athletic Clubera egin duzun ekarpena, partida gehien zuzendu dituen laugarren entrenatzailea baino askoz gehiago baitzara. Sekulako pizgarria izan zinen kirol une delikatu batean, haize freskoa, lehiakortasuna eta, batez ere, kopa titulu bat irabazteko grina itzuliz. 24 urte geroago, beste final batean sartu gintuzun gure lehiaketa gogokoenean".
Halaber, Iker Muniainen eta Oscar de Marcosen esker oneko bideoak proiektatu dira ekitaldian. Caparrosek debutarazi zituen biak eta Jon Uriartek hori ere azpimarratu du: "Gure harrobian konfidantza izan zenuen Muniain eta De Marcosi lehen aukerak emanez. Gaur egun, Klubean neurketa gehien jokatzen dituzten bost lehoien artean daude. Sailkapen horretan, badakizu nor den 1 zenbakia, Txopo. Hemen dago omenaldiaren lehen lerroan zuri besarkada bat emateko".