Athletic Club, harrobiko lider Europan

Athletic Club, harrobiko lider Europan

CIESen txosten batek erakusten du Athletic dela harrobiko jokalari gehien erabiltzen dituen taldea munduko bost liga handienetan

Suitzako CIES Football Observatory ikerketa-zentro ospetsuaren 440. asteroko txostenak agerian uzten du Athletic dela 2023/24 denboraldian harrobiko jokalari gehien erabiltzen dituen Europako bost liga handietako kluba, bai futbolari kopuruari dagokionez bai hauek jokatutako minutuei dagokienez ere. 

Athletic nabarmentzen da sailkapen honen buruan harrobiko 14 futbolarirekin eta hauek jokatutako LaLigako minutuen %68,9arekin, iazko datua (%55,8) hamahiru puntutan handituz. Athleticek 23 puntu baino gehiago ateratzen dizkio bigarren postuan dagoen Olympique Lyonnaisi (9 jokalari eta jokatutako minutuen %45,6). Hauen atzean daude Real Sociedad (12 jokalari eta minutuen %45,4 minutu), Real Madrid (8 jokalari eta minutuen %36.3 minutu), SC Freiburg (9 jokalari eta minutuen %34.5 minutu), Club Atletico Osasuna (7 jokalari eta minutuen %33.3), Valentzia CF (11 jokalari eta minutuen %31.3) eta Stade Rennais (6 jokalari eta  minutuen %30.6).

CIES Futbol Behatokiak UEFAren irizpideei jarraitzen die harrobiko futbolari bat aintzat hartzeko, klubeko taldeetan 15 eta 21 urte bitartean gutxienez hiru denboralditan zehar jokatu dutenak halakotzat hartuz. Hori dela eta, txostenaren arabera, LaLigan parte hartu duten egungo lantaldearen 14 kide daude zerrendan: Unai Simon, Vivian, Paredes, Yeray, Imanol, Sancet, Ruiz de Galarreta, Prados, Unai Gomez, Iñaki Williams, Muniain, Nico Williams, Guruzeta eta Villalibre. Peru Nolaskoainek, Unai Egiluzek eta Julen Agirrezabalak 2023/24 Kopan jokatutako minutuak ez dira kontuan hartu txosten honetarako.

Kanpoan utzi ditu ere 15 urte bete baino lehen klubeko harrobiko jokalaria izateagatik edo hitzartutako klubetan hezitzeagatik 15 eta 21 urte bitartean Athletic Cluben hiru urte osorik jokatu ez duten beste batzuk. Beraz, Lezamako filialetatik igaro diren Lekue, Vesga, Yuri eta Adu Ares ez daude txostenean agertzen diren 14 jokalarien artean, ez eta 2023/24 LaLigan azaroaren 15era arte (data horretan amaitzen da txostenean aztertutako aldia) minuturik jokatu ez dutena ere.