Osasun mentalaren garrantziaz hausnartzen
Osasun mentalaren garrantziaz hausnartzen
Harrobiko hainbat talde 'Tigrar' filma ikustera joan ziren Deriora eta, ondoren, gogoetak parte-katu zituzten Ainhoa Tirapu, Beñat Prados eta Julen Agirrezabalarekin
'Tigrar' filmak publikoaren saria irabazi zuen 2022ko Thinking Football Film Festivalean. Ondorioz, joan den urrian egindako edizioan proiektatu zen berriro, eta Lezamako egiturako teknikari eta profesional ugari bertaratu ziren. Martin Bengtsson zintaren protagonista eta Milango FC Internazionalek fitxatutako Suediako promesa handiaren istorioak txundituta, Athletic Club Fundazioari planteatu zioten harrobi zuri-gorriko taldeetako jokalariei filma erakusteko aukera.
Gauzak horrela, joan den azaroaren 20an, Derioko Gurea zineman, Basconia, Gazte Mailako Ohorezko Maila, Gazte Mailako Liga Nazionala, Emakumezko B eta Emakumezko C taldeetako kideek, Lezama eta Baserrietako egoitzako jokalari guztiez gain, futbolari gazteenen garapenean osasun mentalak duen garrantziaz kontzientziatzea helburu duen pelikula honen emanaldi berezi batean parte hartzeko aukera izan zuten. Proiekzioarekin batera, hausnarketarako gune bat partekatu ahal izan zuten solasaldi bati esker. Bertan, David Rincon Athletic Clubeko arreta integraleko saileko arduradunak eta psikologoak, Galder Reguera Athletic Club Fundazioko proiektu-zuzendariak, Beñat Prados eta Julen Agirrezabala gizonezkoen lehen taldeko jokalariek eta Ainhoa Tirapu erakundeko atezain ohiak parte hartu zuten. Barañaingoak, Klubeko emakumezkoen kirol-egituraren ikonoetako batek, bere esperientzia pertsonala gogoratu zuen, 2014an laguntza profesionala behar izan zuela adieraziz.