Daniel Vivian: “Fisikoki zein futbolistikoki, maila altuan gaude”

Daniel Vivian: “Fisikoki zein futbolistikoki, maila altuan gaude”

Erdiko atzelari zuri-gorriak azpimarratu duenez, Girona FC-ren aurka lortutako berdinketa "ez zen kasualitatea izan, neurketa oso landua eta taldearen dinamikaren adibide argia izan zen"

Daniel Vivian hedabideen aurrean agertu da gaur goizean Lezamako prentsa aretoan, Girona FC-ren aurka neurtu eta bi egunera, eta San Mamesen Rayo Vallecanoren aurka jokatzeko hiru egun falta direnean. Hain zuzen ere, iragan astelehenean Montilivin jokatutako partida positibotzat jo du erdiko atzelari zuri-gorriak: "Pozik gaude. Badakigu zer lan egiten ari garen puntu horiek lortzeko. Denok nabaritzen dugun gauzarik positiboenetako bat da lehen unetik azkenera arte neurketa guztiak lehiatzen ari garela. Taldeak uneoro partidak eskatzen duen maila erakusten du. Bolada onean eta altuan gaude, fisikoki zein futbolistikoki".

"Girona FC-ren aurkako neurketa ez zen kasualitatea izan, oso landua izan zen, nola jokatu behar zuen eta gauzak oso zailak jarri zizkigun talde oso on baten aurka. Osatzen ari garen talde-lana egiten ari garenaren eta eraikitzen jarraitu nahi dugunaren adibidea da", jarraitu du gasteiztarrak.

Denboraldi honetan minutu gehien pilatu dituen jokalariaren aburuz, Rayo Vallecanoren aurkako hitzordua oso garrantzitsua da: "Partida guztiek dute bere zailtasuna. Larunbateko lehia oso garrantzitsua da guretzat. Rayori hiru gol baino ez dizkiote sartu etxetik kanpo, Real Madridekin berdindu du Bernabeun eta Real Betisen aurka bakarrik galdu du. Goiko postuetan jarraitu nahi dugula erakutsi behar dugu eta, horretarako, hiru puntuak aurrera atera beharko ditugu. Norgehiagoka bizia espero dugu".

Azkenik, Vivianek agerraldia zale zuri-gorriei mezu itxaropentsua bidaltzeko baliatu du: "Taldeko guztiok gara jende positiboa eta orainaldian pentsatzen dugun pertsonak. Iraganari begiratzen badiogu, hutsegiteetatik ikasteko baino ez da. Gu ilusioz gainezka gaude eta gauza bera nabaritzen dugu zaleengan. Indartsu gaude, gogotsu eta ilusioz. Taldea gogor eta egiten duenaz konbentzituta sumatzen dut, joko identitate argiarekin. Azken hori da egunez egun, entrenamenduz entrenamendu eta partidaz partida islatzen saiatzen garena. Ez dago taldeak erakusten duena baino indar handiagorik".