"Etxetik kanpo oso indartsua den taldearen aurka jokatuko dugu"
"Etxetik kanpo oso indartsua den taldearen aurka jokatuko dugu"
Biharko partidak duen garrantziaz jakitun da teknikaria, eta Rayoren aurka "taldea San Mamesen egongkorrak azaldu behar dela" ohartarazi du
Ernesto Valverdek agerraldia egin du gaur goizean Lezamako prentsa aretoan, bihar Rayo Vallecanoren aurka (16:15ean) San Mamesen neurtu aurretik. Lehen hitzak Nico Williamsek Athletic Clubekin 2027ra arte egindako kontratu berritzeari buruzkoak izan dira: "Aspalditik espero genuen zerbait da. Guretzat garrantzitsua da, Klubaren lasaitasunerako, bera bezalako jokalari gazteek denbora luzez iraun dezaketenaren ideia berresten duelako. Ona da haientzat, guretzat eta erakundeak proiektatu dezakeen ikuspegiarentzat. Horrek mesede egiten digu zentzu askotan, zelaian ematen digunagatik eta Lezaman lan egiten duten jokalariei bidaltzen dien mezuagatik".
Kirol arloari dagokionez, Valverdek orain arte talde madrildarra egiten ari den denboraldia goraipatu du: "Rayo oso ondo ikusten dut. Etxetik kanpoko talderik onenetakoa da, 12 puntu lortu ditu. Real Betisen aurka bakarrik galdu du eta hiru gol egin dizkiote soilik. Goian presionatzen dute, erasokorrak dira baloiaren irteeran eta erasoko jokalariak azkarrak eta erabakigarriak dira. Vallecasetik kanpo ikasturte handia egiten ari dira. Guretzat norgehiagoka garrantzitsua da San Mamesera itzultzeagatik eta bigarren itzuliko azken esprintari ondo ekiteko".
Amaitzeko, Athletic Clubeko entrenatzaileak argi hitz egin du taldeak Katedralean erakutsi behar duen sendotasunari buruz: "Neurketaren bila espekulatu gabe etorriko den Rayo bat espero dut. Horrelako lana egiteko jokalariak dituzte eta ez dut uste planteamendua aldatuko dutenik. Iragan denboraldian ere partida ikusgarria izan zen hemen jokatu genuena, ikusteke dago biharkoa nola garatuko den. Erasorako proiekzio indartsua duen taldea da, baina gu San Mamesen egonkorrak azaldu behar gara".