Levante partidurik galdu gabe iritsiko da klasikora

Levante partidurik galdu gabe iritsiko da klasikora

Athleticek Levante hartuko du igande honetan (12:00etan), sailkapenean hirugarren postuan doan taldea, 2023an Lezaman jokatuko duten azken partidan

Bi jardunaldi falta dira 2023ari agur estaeko. Levante igande honetan iritsiko da Lezamara eta lehoiek hurrengo asteburuan, Sevilla FC-ren aurka neurtuko dituzte indarrak urte honi amaiera emateko. Horrela, igandeko 11. jardunaldiko norgehiagoka Athletic Clubek etxean jokatzen dituen neurketak zuzenean gozatzeko azken beta izango da. Partida zaila izango da talde zuri-gorriarentzat, sailkapeneko hirugarren postuan dagoen taldea hartuko baitu. Levante sasoi bikainean iritsiko da neurketara, momentura arte, denboraldi honetan ez baitu partida bakar bat ere galdu. Nolanahi ere, Athletic-Levante neurketak beti dira partida handiak; hain zuzen ere, Liga F txapelketako klasikoa dela esan genezake.

Bi talde horien arteko lehia etenik gabe ari da jokatzen 2002-2003 denboralditik, hau da, emakumezkoen talde zuri-gorria sortu zenetik. Lehen denboraldi artan, Athletic ligako txapeldun atera zen Levanterekin berdinduta, eta emakumezkoen futbolaren lehen urrats haietan, oraindik profesionala ez zenean, bi kluben arteko lehia izugarria zen. Hamarkada bat geroago, FC Barcelona eta Atletico Madrilen tituluak agertu ziren. Nolanahi ere, Levanteren emakumezkoen taldeaz hitz egitea 1998an San Bizente Institutu Politeknikoko taldea bereganatuz lehiatzen hasi zen klub bati buruz hitz egitea da, Athleticen antzera, emakumezkoen futbolari hegalak ematen aitzindaria izan zena.

Levante UD taldeak azken bost partidak irabazi ditu

Gaurkora itzuliz, azpimarratu beharra dago azken bost denboraldietan  talde valentziarra lau aldiz hirugarren sailkatu eta Txapeldunen Ligan aritu dela. FC Barcelona txapeldun atera da azken lau denboraldietan, baina gaur Sanchez Verak zuzentzen dituenak, 2019an Atletico Madrilekin liga irabazi zuenak, Liga F txapelketako podiumean bukatzeko sortutako taldea da. Momentuz, 24 punturekin hirugarren postuan kokatuta daude, bigarren sailkatua den Real Madriden puntu-kopuru berdinarekin eta FC Barcelona liderra den 6 puntutara. Guztira, zazpi partida irabazi ditu, hiru berdindu eta Lezamara azken bost partidak irabazita helduko dira.

Bestalde, David Aznarrek zuzentzen duen taldeak Nahikari eta Maite Zubieta berreskuratu ditzake igandeko hitzordurako. Garaipenaren zaporea berriro dastatu nahi du etxean, Lezaman Madril CFF eta FC Barcelonaren aurka galdu ondoren.

Levantek bere aurrelari botoretsuekin egingo dio aurre igandeko norgehiagokari. Hala nola, pasa den urteko pitxitxia, Alba Redondo (27 gol egin zituena 2022-2023 denboraldia) eta Kolonbia zein Brasil selekzioetako aurrelari internazionalak diren Mayra Rodriguez eta Gabi Nunes zelairatzeko aukera izango ditu.