Vesgak 2027ra arte luzatu du bere kontratua

Vesgak 2027ra arte luzatu du bere kontratua

Erdilariak batez beste 40 partida jokatu ditu aurreko hiru denboraldietako bakoitzean

Mikel Vesgak eta Athletic Clubek akordioa lortu dute bi aldeak lotzen zituen kontratua 2027ko ekainaren 30era arte luzatzeko, beste hiru urtez. Erdilariak zazpigarren denboraldia du lehen taldean, eta oinarrizko pieza bihurtu da. Batez beste 40 partida ofizial jokatu ditu aurreko hiru ikasturteetan.

Gasteiztarra 2014an sartu zen Lezaman eta Bilbao Athleticen bi denboraldi jokatu zituen. Lehoi gisa 200 partidetatik gertu dago (189 daramatza), eta bederatzi gol sartu ditu. Horietako bi aurten izan dira, San Mamesen markagailua irauliz Real Betisen aurka 4-2 amaitu zen neurketan.

2019/20ko Superkopako txapelduna, Vesgak gaur goizean sinatu du kontratua San Mamesen, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez Futboleko Zuzendari Nagusia bertan zirela. Zuzendaritza-Batzordeak ezarritako ildotik, Mikel Vesgaren loturak helburuen araberako osagai aldakorra duen soldata-egitura du. Futbolariak prentsaurrekoa emango du lehoiak, Gabonetako etenaldiaren ostean, entrenamenduetara itzultzen direnean, datorren asteazkenean, hilak 27, Lezaman.

Bestalde, Futboleko Zuzendari Nagusia den Mikel Gonzálezek horrela baloratu du gasteiztarraren kontratu berritzea: "Funtsezko pieza da egungo joko-sisteman. Erdilari posizionalik osoena da: oreka, defentsarako ahalmena, aireko jokoa, jokoa ateratzeko eta biratzeko erraztasun handia eta baloiak luzean mugitzea ahalbidetzen digu. Horri guztiari penaltiak jaurtitzeko gaitasuna gehitu behar zaio".

Gonzalezek taldean duen esperientzia ere azpimarratu du: "Jokalari honek azken denboraldietan izan dituen titulartasun eta prestasun zenbakiak ikusita, uste dugu orain bezain garrantzitsua izaten jarraituko duela".