
Partida aurrekoa: SD Eibar-Athletic Club (Kopa final-hamaseirenak)
Partida aurrekoa: SD Eibar-Athletic Club (Kopa final-hamaseirenak)
Ezagutu itzazu Ipuruan jokatuko den Kopako final-hamaseirenetako kanporaketaren xehetasun guztiak (19:00etan)
2024ko Kopako lehen norgehiagoka hemen da lehoientzat. Sevilla FCren aurka urte berriko estreinaldian irabazi ondoren, talde zuri-gorriak SD Eibarren aurkako partida zailari egingo dio bisita, neurketa bakar batean erabakiko den kanporaketa berri batean. Partida Gipuzkoako taldeak etxeko gisa jokatzen duen Ipurua zelaian izango da, azken urteetan bi taldeen arteko norgehiagoka asko bizi izan dituen berdegunea.
Une hauetan, Joseba Etxeberriak zuzentzen duen taldea LaLiga Hypermotioneko zazpigarren postuan dago kokatuta. Play-off postuetatik kanpo egon arren, talde eibartarra igoera lortzeko lehian arituko den klubetako bat da. Puntu bakar batek bereizten du SD Eibar posizio horietatik, eta zuzeneko igoeratik bost punturen tartera baino ez dago.
Kopari dagokionez, armaginek Lorca Deportiva CF eta UD Melilla (penaltietan) mendean hartu dituzte lehen bi kanporaketetan.
Deialdia
Teknikari zuri-gorriak 22 futbolariren zerrenda osatu du SD Eibarren aurka Kopako final-hamaseirenetan jokatzeko. Dani Garcia eta Yeray, biak min hartuta, baja dira eta Gorka Guruzeta erabaki teknikoengatik deialditik kanpo geratu da. Beste behin, harrobiko jokalaria den Jauregizarrek osatzen du zerrenda.
Valverde
Errepasatu hemen armaginen eta zuri-gorrien arteko KO txapelketako final-hamaseirenetako lehiaren aurretik Ernesto Valverdek egindako adierazpenak.
Aurkaria
Eibarren futbolaren jatorria 1914koa da, Otaola Erdikua zelaian lehen partida jokatu zenean. Ordutik eta Gerra Zibila arte (1936-39), talde ugari sortu ziren bertan, baina garai hartako zirkunstantziek eragotzi egiten zuten inor luzaroegi finkatzea. Eibar errepublikarren gotorlekua izan zen, eta bertako biztanleek kezka handiagoa zuten gizarte-gaiengatik eta arma-sektorearen biziraupenagatik kirolagatik baino. Hiria suntsituta geratu zen tropa frankisten etengabeko erasoak jasan ondoren.
Gerra amaitu ondoren, pixkanaka berreraikitzen hasi zen, bizitza soziala bere alderdi guztietan berreskuratuz. Futbolari dagokionez, aurreko klubetako biren arduradunak, Deportivo Gallo eta Union Deportiva Eibarresa, gaur egun Eibar Kirol Elkartea dena sortzeko elkartu ziren.
Zuriz jantzita abiatu zen, gero elastiko zuri-gorria eta galtza beltzekin jokatzen zuen 1943/44 denboralditik aurrera bere ohiko kolore urdin-gorriak daramatza. Eskualde mailan lehiatzen zen eta 1947ra arte ez zuen zelai propiorik izan. Orduan inauguratu zen Ipurua, non gerrako hondakinak uzten ziren.
Taldea 1950ean igo zen Hirugarren Mailara eta hiru urte geroago iritsi zen Bigarren Mailara. Bost urtez iraun zuen, berriro jaitsi zen arte, eta ibilbide luzea egin zuen Hirugarren Mailan (14 promozio bizi izan zituen) eta baita eskualde mailetan. 1986an Bigarren B-ra igo zen eta bi urte geroago zilarrezko mailan bere tokia berreskuratu zuen. 18 denboralditan zehar, armaginak talde klasiko bihurtu ziren, betiere ondo definitutako nortasun-ezaugarriei eutsiz.
2006 eta 2009 artean SD Eibarrek Bigarren eta Bigarren B mailak txandakatu zituen, nahiz eta ez zuen futbol profesionalean finkatzea lortu. Urdinek-gorriek ezin zuten beren estatusa berreskuratu, eta, beharbada, gutxien espero zutenean lortu zuten. Hor hasi ziren eliterantz igotzen. 2013an, eta filiala ere kentzea eragin zuten arazo ekonomikoekin, zilarrezko dibisiora itzuli ziren, eta hurrengo urtean Lehen Mailara iritsi ziren, non 2021era arte egon ziren. Ezbairik gabe, hau da klubeko etaparik loriatsuena. Ordutik gaur egun arte Bigarren Mailan lehiatzen da eta 20 hautatuen artean bere lekua berreskuratzen saiatzen ari da.
Bilboko taldeak ez du porrota ezagutzen SD Eibarren aurka Kopan. Bi taldeen arteko lehen norgehiagoka 1979-80 denboraldian izan zen, Ipuruan jokatu zen eta lehoiek 2-5 norgehiagoka mendan hartu zuten etxetik kanpo. Garai hartan kanporaketak partida bikoitzera jokatzen ziren, eta itzulerakoan etxekoek 5-1 jipoitu zuten SD Eibar.
Eibartarrek eta bilbotarrek beste bi aldiz ikusi duten elkar KO txapelketan. 1984/85ean herri armaginean jokatutako partida bana berdinduta amaitu zen, baina kanporaketa San Mamesen erabaki zen 5-1eko emaitzarekin. 2012/13 denboraldian izan zen lehoiek beren burua kanporatua ikusi izan zuten urte bakarra. Bi neurketak berdindu arren, Arruabarrenak itzulerako partidan Katedralean sartutako golak erabaki zuen kanporaketa SD Eibarren alde.
Athleticzaleak munduan barrena
Zauden lekuan zaudela, ziurtatu zaitez gure Athleticen norgehiagoka ez galtzeaz.
Erlazionatutako partidak
SD Eibar - Athletic Club

