"Derbia aukera paregabea da"

"Derbia aukera paregabea da"

Unai Simonek Realaren aurkako lehiak "atzetik datozenekin aldea irekitzeko" duen garrantzia azpimarratu du

Unai Simonek agerraldia egin du larunbatean, 18:30etik aurrera, lehoiek eta Realak San Mamesen jokatuko duten partidaren atarian. Hau urteko hitzordu berezienetako bat da eta atezain zuri-goriak badaki hori, baina erlatibizatzeko joera ere badu: "Ezin dugu esan edozein partida denik. Hiru puntu izateaz gain, historia eta lehia handiko derbia da, baina ez dugu denboraldiko garrantzitsuena balitz bezala sailkatu behar. Bi taldeetako zaleek kultura bera dute eta biak Lehen Mailan harrobiko jokalariekin lehiatzen saiatzen gara. Horrek egiten du ederra derbia. Irabazteak asko suposatuko luke sailkapenari begira, eta aukera paregabea dugu atzetik datozenekin aldea irekitzeko".

Bilbotarrek sei puntuko aldea ateratzen diote talde txuri-urdinari, baina atezainak faboritismoak saihesten ditu: "Inork ez dizu esango derbi batean norbait faboritoa denik, eta are gehiago Reala gu baino hobeto geratu denean urte hauetan. Gure zaleen babesa izango dugu, baina horrek ez du ezer esan nahi. Jokalari handiak eta entrenatzaile bikaina dituzte eta gauzak zail jarriko dizkigute beti egin duten bezala".

Hori bai, Athletic dinamika oso positiboan eta Europako postuetan murgilduta iritsiko da derbira. "Oso emaitza oneko bolada batean gaude, eta hori ez ezik, zelaian ditugun sentsazioak ere onak dira. Bi areatan eraginkorrak izan gara, eta denboraldi amaierara arte horrela jarraitzea espero dugu. Golak ez jasotzea atezainekin erlazionatzen da beti, eta logika pixka bat du, baina ez litzateke posible izango Athletic honek duen defendatzeko ideia, beti aurkariaren zelaian egonda goi-presioa eginez, jarraitu gabe. Horrek arerioa zure atetik urrun egotea eta gol abagune gutxiago sortzea dakar", esan du atezain arabarrak.

Azkenik, egungo egoera ona den arren, Simonek oinak lurrean mantentzen ditu: "Ilusio eta euforia handia dago talde honekiko. Barrutik beti transmititzen saiatzen garen mezua da gauzak gaizki doazkigunean pazientzia egotea, atzean proiektu on bat dagoelako, eta ondo doazenean lasaitasun pixka bat izatea. Txapelketaren erdian gaude eta oraindik ezin da ondoriorik atera, asko geratzen baita".