“Nola edo hala irabazi behar da”

“Nola edo hala irabazi behar da”

Ernesto Valverdek asmo handiz eta "berriro irabazteko gogo biziz" aurkeztu da Athletic Club-RCD Mallorca partidaren atarikoan

Etxetik kanpo bi partida jarraian jokatu ondoren, San Mamesek LaLigako partida hartuko du ostiral honetan, eta ohi bezala, Ernesto Valverdek agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan RCD Mallorcaren aurkako partidaren atarian. Teknikari zuri-gorriak ez dio tarterik utzi nahi erlaxazioari eta tentsioa mantendu nahi du taldeak sailkapenaren goialdean jarrai dezan: "Ez dago ezer eginda. Gauzak beti alda daitezke. Erne egon behar da beti. Ezin zara ezertaz eta inorekin fidatu. Oraindik asko jokatzeke dago. Neurketa bakoitzari kalkulu gehiagi egin gabe egin behar diogu aurre. Bakarra egitea nahikoa da: bihar nola edo hala irabazi ".

Lehoiek talde bermelloia izango dute aurrean, porrotak garesti saltzen dituena eta azken norgehiagoketan aurkari gogorra izan dena. Horregatik eta hiru puntu lortzeko beharragatik, Valverdek uste du biharko neurketa ezinbestekoa dela: "Biharkoa neurketa garrantzitsua da, berriro irabazi nahi dugulako. Badakigu zer dugun aurrean. Mallorca mendean hartzeko zaila den aurkaria da. Dena borrokatzen duen taldea da, lerroak ondo dituena, paseak mozten eraginkorra dena eta kontraerasoan oso jokalari trebeak dituena. Azken partidetan gauzak oso zailak jarri dizkigun arerioa da".

Athletic Clubek otsail bizia eta ilusioz beterikoa du aurretik, baina entrenatzaile zuri-gorriak argi dauka zein izan behar duen taldearen ibilbidea: "Oraintxe bertan LaLiga da gure lehentasuna, hiru puntuak lortzea garrantzitsua da. Gaur egun dugun egoera mantentzea da gure beharra. Denok ditugu batzeko beharrak, eta gauzak argiago edo ilunago ikusten diren hilabetean sartzen gara. Bermeekin egin nahi diogu aurre norgehiagokari".