“LaLigako errealitatera itzuli behar gara, betebeharra da”

“LaLigako errealitatera itzuli behar gara, betebeharra da”

Ernesto Valverderen ustez, "Kopako finala albo batean utzi behar da" eta "taldearen eguneroko lanari" jarraipena ematea baino ez du buruan

Kopako finalerako txartela modu irmoan lortu ondoren, Athletic Clubek neurketa handi berri bati ekingo dio datorren igandean. Lehoiek FC Barcelonaren aurka jokatuko dute LaLigako 27. jardunaldiko partidan. Lehiaketa erregularrera itzultzeari dagokionez, Ernesto Valverde oso argia izan da: "LaLigako errealitatera itzuli behar gara, betebehar bat da. Kopako sailkatu ondorengo inertzia positiboa eta konfiantza aprobetxatzen saiatuko gara LaLigako neurketei aurre egiteko. Igandekoa azkar iritsi zaigu, beste ahalegin handi bat egin beharko dugulako denbora gutxian, baina berdin lehiatu beharko dugu".

Entrenatzaile zuri-gorria taldearen eguneroko lanean guztiz zentratuta dago: "Final bat dugu jokatzeke, baina, momentuz, alde batean, utzi egin behar dugu. Denboraldiko une erabakigarrietara maila lehiakor altuan iritsi behar gara. Orain arte bezala lehiatu eta entrenatu behar dugu. Partida bakoitza aprobetxatu behar da LaLigan ditugun posizioak hobetzeko eta, zentzu horretan, aplikatu egin beharko gara. Ez dugu askoz gehiago pentsatu behar, egunerokotasunari jarraitu besterik ez".

Aurkaririk hurrenena FC Barcelona da, oso aurkari zaila Athleticek iragan ostegunean egin zuen ahalegin handia kontuan izanda: "Ez da asko igaro Kopan elkarren aurka jokatu genuenetik. Gauza taktiko batzuk aldatu dituzte, baina ez dute joko erasokorraren izaera galdu. Neurketen dinamika onean datoz eta bolada gozoan jasoko ditugu. Talde handi bat izango dugu aurrean eta norgehiagoka bikaina osatu beharko dugu irabazteko".