"Ahalik eta posturik onenean egon nahi dugu"

"Ahalik eta posturik onenean egon nahi dugu"

Daniel Vivianek "oso landua eta abagune gutxi eskaintzen dituen" Deportivo Alavesen aurkako derbiaz "hiru puntuak erdietsiz" gozatu nahi du

UD Las Palmasen aurka etxetik kanpo irabazi ondoren, talde zuri-gorriaren LaLigako hurrengo konpromisoa Alavesen aurkako derbia da. Taldea dinamika onean dago, sailkapeneko ohorezko postuen borrokan bete-betean. Dani Vivianek sendo sinesten du taldearen eguneroko lanean eta ez dio honi mugarik jartzen: "Denboraldi hasieratik egunerokoan eta norgehiagoka bakoitzean zentratzen gara garaipena lortzeko. Ez diogu gure buruari mugarik jarri nahi. Ez diogu ezeri uko egiten. Ahalik eta posturik onenean egon nahi dugu. Badakigu Txapeldunen Ligara sailkatzeko aukera hor dagoela eta horretan lan egingo dugu".

Horretarako, garaipen berri bat lortu beharko dute, atzelariaren arabera, "oso landuta dagoen eta oso gol gutxi eskaintzen duen" aurkariaren. "Zertara jokatzen duen oso ondo dakien taldea izango dugu aurrean. Dtuen jokalariak diziplinatuak dira eta norgehiagoka aurrera eramateko argudio nahikoak dituzte. Guk jokoaren ideia argia dugu, haien aurkako aurreko bi norgehigokak irabazi egin ditugu, baina bietan partida bikaina jokatzera behartu gintuzten. San Mames alde izango dugu eta dinamika onean iritsiko gara hitxordura. Derbia da, beti giro berezia arnasten da eta tentsio polita egongo da. Derbia benetan berezia egiteko modua irabaztea da".

Amaitzeko, Vivianek Athletic egiten ari den lan koral ona azpimarratu du, golik jaso gabeko 14 neurketen datua biribiltzen duena: "Gure jokatzeko modua dela uste dut, jokoa interpretatzeko era. Bloke bat izaten ari gara, bai erasotzeko, bai defendatzeko, eta horren froga dira golik gabe bukatu ditugun norgehiagoka guztiak. Talde-lana funtsezkoa da defentsan erakusten ari garen hain maila altua berresteko".