San Mameseko programazioa Kopako finalari begira

San Mameseko programazioa Kopako finalari begira

Sei LED pantaila erraldoi jarriko dira, eta animazioa, kontzertuak eta sariak egongo dira bertaratutakoentzat

Athletic programa erakargarria prestatzen ari da Kopako finala San Mamesen bizitzea erabaki duten athleticzaleak apirilaren 6ko arratsaldean festa zuri-gorri handi bat goza dezaten familian. Sarrerak Klubaren webgunearen bidez eros daitezke. OHARRA: Sarrerak online bakarrik saltzen dira, txarteldegietan ez dago salmentarik, ez aurreko egunetan, ezta finalaren egunean ere.

Partida sei LED pantaila erraldoiren eta San Mameseko bi bideomarkatzaileen bidez ikusteaz gain, Oizeder Mayo Gazteako esatariak eta Lander Otaola aktoreak alaituko duten atariko emanaldi dibertigarria izango da 19:00etatik aurrera, Nickzzy, Los Chicos de Barrio, MR WOP, Xabi Aburruzaga eta Garilak 26, DJ Txurru (Gaztea), dantzak, karaokea, freestyler erakustaldia eta zozketa eta sari ezberdinak ikusleentzat.

Gainera, finalaren aurretik, bitartean eta ondoren konexioak egingo dira La Cartuja zelaiarekin eta Sevillako Athletic Hiriarekin.

Ezin izango da estadiotik atera eta berriro sartu, beraz, sarrerak San Mameserako sarbide bakarrerako izango dira. Anbiguak 19:00etatik aurrera egongo dira zabalik eta freskagarriak, garagardoa, kalimotxoa eta ogitartekoak zerbitzatuko dituzte.