Zugastik orbitan jarri du Athletic

Zugastik orbitan jarri du Athletic

Nafarraren hat-trickak eta Azkonaren golak seigarren garaipena jarraian (4-1) eman diete gorantz begira doazen lehoiei

Bolada onak jarraitzen du eta Athleticek ligako bere partida guztiak irabazi ditu martxoan. Zuri-gorriek elkarren segidako sei garaipenekin berdindu dute 2018/19 denboraldiko marka eta 38 puntu daramatzate dagoeneko.

Etxekoek hasiera ikusgarria osatu zuten Lezaman eta Zugasti protagonista izan zen. Riezuko aurrelariak hat-trick bat lortu zuen lehen 45 minutuetan. Lehen gola 10. minutuan iritsi zen, burukada eder batekin, Elexpururen erdiraketa aprobetxatuz. 22. minutuan Pinedok Zugasti desmarkatzen ikusi eta 2-0ekoa iritsi zen, oraingoan atezaina goitik gaindituz. Levante Las Planas apenas iristen zen zuri-gorrien areara. Atsedenaldira iritsi aurretik eta Clara Pinedok Zugastiri lerro arteko pasea bidalita, Athleticek 3-0ekoa sinatu zuen eta nafarrak bere lehen hat-tricka Lehen Mailan. Hori gutxi balitz, Nanclaresek penalti bat gelditu zion Allegrari atsedenaldiaren atarian, atea hutsean mantentzeko beste behin bere maila handia erakutsiz.

Bigarren zatian, David Aznarrek aulkia mugitu zuen. Barbara Latorrek aukera bikoitza izan zuen, baina Nanclares sendo egon zen atepean. Talde katalanak baloia gehiago izan zuen, Athletic lasaiago zegoen, baina ez zituen abaguneak gol bihurtu. Lahmarik 3-1ekoa sartu zuen 76. minutuan, lehoiek baloi irteeran egindako akatsa profitatuz. Cristina Baudetek langara bidali zuen baloia handik gutxira, etxekoek erasoan presentzia galtzen jarraitzen zuten bitartean. Hala ere, segidan Azkonak Marianaren erdiraketa zehatz bat sarera bidali zuen, katalanen matxinada oro geldiarazi zuena. Iruñekoak bere bosgarren gola erdietsi zuen ligan eta Zugastirekin berdindu zuen golegileen rankingean.

Beste poz bat Lezaman geldialdiaren aurretik eta jarraian lortutako sei garaipenen ondoren, David Aznarrek aulkitik zuzendutako taldea Liga F-ko puntu podiumean dago bigarren itzuli honetan. Athleticek Europako postuen bila jarraituko du.