Deportivo Alavesen aurkako lagunartekoa ostegun honetan Hondarribian

Deportivo Alavesen aurkako lagunartekoa ostegun honetan Hondarribian

Athletic Clubek Ligako geldialdia probestuko du talde gasteiztarraren aurka, 13:00etan, norgehiagoka jokatzeko

Atzo txapelketa erregularreko jarraian erdietsitako seigarren garaipa lortu ostean, nazioarteko konpromisoek behartutako Ligako geldialdia iritsi da Athletic Clubentzat. David Aznarren taldeak, hiru atseden egun hartu aurretik, lagunartekoa jokatuko du ostegun honetan, apirilaren 4an, Deportivo Alavesen aurka. Partida Hondarribiko Hondartza udal zelaian jokatuko da eta eguerdiko 13:00etan hasiko da sarrera librearekin.

Iaz Liga F-tik jaitsi eta Lehen Federazioan (bederatzigarren postuan) kokatuta dagoen talde gasteiztarra izango da zuri-gorrien aurkaria. Bi taldeek ligako geldialdia dute eta hitzordua aprobetxatu nahi dute ohikoak ez diren jokalariei minutuak izan dezaten, baita ikasturteko azken txanpari erritmorik onenean ekiteko ere.

Nazioarteko deialdiek behartutako hutsuneak

David Aznarrek, gainera, bigarren taldeko hainbat jokalari erabili beharko ditu, lehen taldeko zenbait partaide nazioarteko deialdien ondorioz ezin izango baitira taldearekin egon. Adriana Nanclares izan da Lezamatik irteten azkena, lehen aldiz Espainiako selekzioaren kontzentraziora bidean. Athleticeko atezainak Cata Coll FC Barcelonako atezaina ordezkatuko du. Bibiane Schulze ere ez da osteguneko lagunarteko hitzorduan izango, Alemaniako selekzioaren zerrenda absolutuan debuta egingo baitu. Biak 2025eko Suitzako Eurokoparako sailkatze partidak jokatuko dituzte.

Bestalde, beheko mailetako selekzioek, honako jokalari hauek hautatu dituzte: Nerea Nevado, Maite Zubieta eta Clara Pinedo (Espainiako 23 urtez azpikoan). Azken unean, Ane Elexpuruk baja eman du zerrenda honetan. Sara Ortega, Jone Amezaga, Oihane San Martín eta Marina Artero (Daniela Agote zerrendatik atera da lesionatuta dagoelako) Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin egongo dira, Eslovenian, Emakumezkoen 19 urtez azpiko Europako Txapelketara sarbidea ematen duen txapelketan.