Txapeldunetik txapeldunera
1984an Kopa irabazi zuen taldeak titulu berriaren ospakizunean Itsasadarrean zehar Gabarra lagundu eta igandeko Villarreal CF taldearekin batera ohorezko pasabidean parte hartuko du
40 urtez, Javier Clementek zuzendutako 80ko hamarkadako taldeak utzi zizkigun loria garaiak berpiztearekin amets egin du athleticzale familiak. Aurreko 25 urteetan, 1958tik 1983ra, bi Kopa irabazi zituen (1969 eta 1973), baina lau final galdu zituen, horietako bat UEFAkoa, Juventusen aurka. Dani buru zuen eta benetako mito zuri-gorriak zituen taldearen garaipen haiek sekulako bultzada eman zioten Athleticen nortasunari, filosofia bakarra zuen Klubari eta, era berean, klub txapeldunari.
Athletic Clubek 2024an 80ko hamarkadako heroiei eskaintzen dizkien erreportajeetan, orain arte elkarrizketatutako bostek, Goikoetxeak, Elgezabalek, Nuñezek, Noriegak eta Solak, Liga edo Kopa bateko txapeldun gisa lehoi talde berri bati erreleboa emateko nahia agertzen dute, horrela Gabarra berriro atera eta titulua Itsasadarrean barrena ospatu ahal izateko.
Unea iritsi da azkenean. Belaunaldien arteko erreleboa, txapeldunetik txapeldunera, gertatu da jada, eta hori sinbolizatzeko modurik onena ostegunean Itsasadarrean bi taldeak biltzea da. 1984ko talde mitiko hartako kideek euren bizitzako egun ahaztezin haiek Gabarrara Abratik lagunduko duen itsasontzi batean berpizteko aukera izango dute.
Gainera, belaunaldien ordezkapen honen azken ekitaldiak ahalik eta eszenatoki onenean emango dio amaiera, San Mamesen. Villarreal CF taldearekin batera, 84ko taldeak ohorezko pasabidea egingo dio egungo Athletic txapeldunari igandeko partidaren atarian. Aritz zarraren enborrak loratu dau orbel barria. Haritz enbor zaharretik kimu berriak loratu dira. Gogoaren indarra.