Arbitroen Batzorde Teknikoaren komunikatuari buruzko balorazioa

Arbitroen Batzorde Teknikoaren komunikatuari buruzko balorazioa

Athletic Clubek, estamentuarekiko errespetu osoz, harridura agertu du gure futbolarien adierazpenei eta adierazitako penaltiari buruzko oharraren aurrean

Athletic Clubetik eta arbitroen kolektiboarekiko kanpoko eta barneko errespetu handienetik, gure harridura adierazi nahi dugu Epaileen Batzorde Teknikoak gaur eguerdian igorritako komunikatuaren aurrean. Harridura, atzo San Mamesen Villarreal CF taldearen aurka jokatutako partidaren ostean gure jokalariek eta entrenatzaileak egindako adierazpenei buruz ari delako zuzenean. Adierazpen horiek hezkuntza maila gorenarekin egin ziren, eta, beti bezala, epaileen taldearen fede ona zalantzan jarri gabe. Are gehiago, horietako batzuek kolektiboari balioa eman zioten berriro.

Dani Parejok, Villarreal CFko futbolariak, honakoa esan zuen: "Aste honetan epaile bat etorri zitzaigun hitzaldi bat ematera, Lehen eta Bigarren Mailako talde guztiei imajinatzen dut, eta esan zigun gorputzeko errebote bat, naturala ez den espazio bat betetzen badu, penaltia dela". Adierazpen horiek nahasmen handiagoa sortu zuten gure taldean, Yuri Berchicheren eskuagatik adierazitako penaltiak eragindako ezinegonarekin batera.

Beti ere CTArekiko errespetu osoz eta eztabaida bat irekitzeko asmorik gabe, ez gatoz bat gure jokalaria besoarekin "handi egin" zelako azalpenarekin, edota tiroa geldiarazten saiatzeko egin zuekin, eta ekintza ez zaigu Atletico-Cadizen adibidearekin parekagarria iruditzen. Horren bideoa oharrean agertzen da eta Lezaman erakutsi zen abuztuan, Villarreal CF taldeak jasotako hitzaldia baino bederatzi hilabete lehenago, jakina, lehiaketa hasi aurretik. Ez gaude ados arauaren inguruan egin den interpretazioarekin. Sentitzen dugu jokaldia zuzenean aipatzea, baina CTAren kanpo-komunikatuak horretara behartu gaitu.

Athletic Cluben epaileen lana errespetatzen dugu eta errespetatzen jarraituko dugu beti, haien zintzotasunean eta independentzian sinesten dugu eta hala helarziko diegu beti gure futbolari profesionalei eta harrobikoei ere, haienganako portaera ona dela kirol eder honen garapenean laguntzeko biderik duinena, jakinda aplikatzeko zailak diren arau batzuk dituela.