Madrid CFF, zuri-gorrien bolada onari segida emateko oztopo gogorra

Madrid CFF, zuri-gorrien bolada onari segida emateko oztopo gogorra

Athleticek eta talde madrildarrak ligako seigarren eta laugarren sailkatuen arteko norgehiagoka jokatuko dute Fuenlabradan

Larunbat honetan, 18:00etatik aurrera Fuenlabradan, Athetic Clubek Fernando Torres Estadioa bisitatuko du. Bere aurkaria, Madrid CFF, 43 punturekin bi puntura bakarrera du sailkapenean. Taularen goiko aldeko aurkari zuzenen arteko partida izango da, baina dinamika guztiz desberdinekin iritsiko dira biak. Lehoiek zazpigarren garaipena jarraian lortu zuten joan den igandean Atletico Madriden aurka; aitzitik, Madrid CFF taldeak azken bi partidak berdindu eta galdu dituzte. Victor Martinek zuzendutako jokalariek zuri-gorrien antzeko zenbakiak dituzte eta denboraldi honetan inoiz ez da seigarren postutik behera egin. Hala ere, bigarren itzuli honetan apur bat irregularragoa izaten ari da.

Zuri-gorrien eta Madrid CFFren arteko hirugarren norgehiagoka izango da aurtengoa. Lehen itzuliko neurketan, madrildarrek 1-2 irabazi zuten Lezaman, Cris Libranek 80. minutuan bere taldearen alde erabaki zuen norgehiagoka parekatu batean. Hori azaroan izan zen. Urtarrilean, San Mamesen jokatutako Kopako final-zortzirenetako kanporaketan, Athleticek asko sufritu arren, Nahikari Garciaren gol bakartia nahikoa izan zen partida irabazi eta final-laurdenetarako sailkapena eskuratzeko. Hirugarren norgehiagoka hau, testuingurua eta aurrekaria kontuan hartuta, aurrekoak bezain parekatua eta bizia izango dela aurreikusten da.

Madrid CFF ideiak oso argi dituen taldea da eta joko-sistemaren lerro guztietan indarguneak ditu. Hala ere, otsailean Racheal Kundananj goleatzaile nagusia Bay FC taldera saldu zuten eta erasoko erreferentzia garrantzitsuena galdu dute. Ordura arte zortzi gol gauzatzeko gai izan zen.

Bestalde, lehoiek datorren denboraldian Champions Leaguen aritzeko txartela ematen duen hirugarren postura gehiago hurbiltzeko ilusioarekin Fuenlabradako Fernando Torres zelaia bisitatuko dute. Denboraldiko bigarren itzuli bikaina osatzen ari dira Athletic Clubeko jokalari gazteak; hain zuzen ere, FC Barcelona eta Real Madriden atzetik, puntu gehien erdietsi dituen hirugarren taldea da eta etxeko neurketak soilik kontuan hartuta, Liga F-ko sendoena. Bilbotarrei Ipurua, Valdebebas eta Johan Cruyff zelaiak bisitatzea geratzen zaie, baita Lezaman Viilarreal CF, UD Tenerife eta Sevilla FC taldeak jasotzea ere. Ikusteke dago dugu noraino iritsiko den Athleticen egungo bolada positiboa. Aurrera egiten segitzeko hurbileneko oztopoa Madrid CFF taldea izango da, taldearen jokoa eta lehiakortasuna frogan jarriko duen arerio gogorra.