Athleticen bolada bikaina Fuenlabradan bukatu da

Athleticen bolada bikaina Fuenlabradan bukatu da

Aurkariak abagune gehiago izan dituen neurketan, lehoiek 2-1 galdu dute Madril CFF taldearen aurka

Zuri-gorrien marka zazpi neurketatan geratu da. Athleticek ezin izan du Fuenlabradako Fernando Torres zelaian zortzigarren garaipena kateatu. Laugarren sailkatuak merezitako garaipena erdietsi du; izan ere, norgehiagokako abagune on eta gehienak bere alde izan ditu eta Nanclares atezainak mantendu ditu amaierara arte Athleticek puntuak batzeko zituen aukerak. Sara Ortegaren golak berdinketa jarri du bigarren zatian, baina azken minutuetan, Luanyk korner baten bidez partida etxekoen alde erabaki du.

Lucia Pardok zutoinera egindako bi jaurtiketek zirrara eragin dute norgehiagoka hasi eta berehala. Madril CFF taldea oso indartsu irten da zelaira eta David Aznarren jokalariak erritmora egokitu behar izan dira. Nanclaresek jardunaldi guztietako erakustaldia Ana Gonzalezez jaurtiketa geldituz hasi du. Hala ere, 38. minutuan zorigaiztoko jokaldia iritsi da. Madril CFFren jaurtiketa batek Busturiako erdilarian jo eta atean sartu da. Kolpe gogorra jasan du taldeak eta atsedenaldira kontrako markagailuarekin joan dira aldageletara.

Bigarren zatian, Athletic berdinketaren bila joaten saiatu da eta zelaira irten berri den Ane Azkonaren burukada gola egitetik hurbil izan baden ere, gola ez zen iristen. Lehia parekatu egin da eta lehoiak baloiarekin sentsazio hobeak sentitzen hasi dira. Hain zuzen ere, David Aznarren taldeak baloia gehien izan duen unean gola iritsi da. Elexpuru, Pinedo eta Ortegaren arteko triangulazio batek 66. minutuan 1-1ekoa erdietsi du. Jaurtiketa zehatz eta gurutzatu batekin, aurtengo denboraldiko ligako bigarren gola gauzatu du Sara Ortega gazteak.

Azken txanpan, Madril CFFk iritsiera arriskutsuak pilatu eta bere aireko jokoak arazoak sortu ditu atzealde zuri-gorrian. Nanclaresek eta Maddik birritan madrildarren gola saihestu dute, baina ezer gutzi egin ahal izan dute 89. minutuan Luanyk buruz sartutako golarekin. Athletic azken unera arte saiatu da bigarren gola egiten, baina partida amaieratik gertu zegoen eta etxekoek ondo itxi dituzte lehoien abaguneak. Bolada ona Fuenlabradan amaitu da, baina datorren igandean, Ipuruan, 12:00etan, SD Eibarren aurkako derbian garaipenaren bidera itzultzeko aukera berri bat irekiko da.