Muniain ate nagusitik doa

Muniain ate nagusitik doa

Kapitainak bere agurraren berri eman du lehen taldean 15 denboraldi eman ondoren

Iker Muniainek Klubari jakinarazi dio, bere erabakiz, Athleticeko jokalari izateari utziko diola denboraldi honen amaieran. Kapitainak bere bizitzako taldeari agur esateko aukeratu duen unea eta modua, ‘10’ zenbakidun zuri-gorriak Athletic Clubekiko duten baldintzarik gabeko maitasunaren erakusgarri dira.

Lehen taldean 15 denboraldi eta 557 partida (oraingoz) jokatu ondoren — Iribarren 614 partiden ondoren, bigarren jokalaria sailkapen historikoan —, Iker Muniainek ate nagusitik alde egitea erabaki du, Athletic txapeldunarekin Gabarran nabigatzeko ametsa bete ondoren. Muniainen ibilbidearen zenbakiek Txantreako futbolariaren garrantzia islatzen dute. 12 urte besterik ez zituela iritsi zen Lezamara, haur mailan, eta 16 urterekin bakarrik lehen taldearekin debuta egin zuen, Piru Gainza Athletic Clubeko beste mito baten parean jarriz. 2009ko uztailaren 30ean izan zen, San Mamesen, Young Boys taldearen aurka, eta itzulerako kanporaketan bere historia osoan Athleticekin partida ofizialean gola sartu zuen jokalaririk gazteena bihurtu zen Txomin Acedoren atzetik, azken honek hilabete batzuk gutxiagorekin gol sartu baizuen eskualdeko txapeketan, 1914an.

Hamabost denboraldi igaro dira ordutik, eta Muniainek 75 gol sartu ditu LaLiga, Kopa, Champions League eta Europa League txapelketen artean. Kapitainak bi Superkopa (2014/15 eta 2019/20) irabazteaz gain, Athletic Clubeko 25. Kopa titulua lortu du, zaleen txapelketa gogokoena, 40 urteko lehortea hautsiz. Kopako txapeldunorde izan da 5 aldiz eta beste behin Europa Leaguen. Familia zuri-gorriaren oroimen kolektiboan, Old Trafforden De Gea atezainari sartu zion gol enblematikoa geratuko da, area barruan baloi solte batera hegazkin bat bezala iritsi zen jokaldian, eta baita Txapeldunen Ligako atariko joaneko partidan Napoliri sartu ziona.

Estatistikek, datuak oso bikainak izan arren (eta Ikerren kasuan halaxe dira), Athleticen historia handitzeko nafarrak lagundu duen modua ez dute islatzen. Bere garaian beste mito zuri-gorri handi batzuek egin zituzten bezala, Muniainek nahiago izan zuen etxean geratu eta bere taldekideekin lehiatu profesional bihurtzeko aukera eman zion taldean, diru gehiago eskain ziezaiokeen beste kluben batekin fitxatzeari eta titulu gehiago irabazteari uko eginez. Bere erabakiak zaleentzako idolo eta belaunaldi berrientzako erreferente bihurtu zuen, eta kapitain izendatu zutenetik erakundearen mailan egon da beti, kiroltasun eta errespetu etengabeak erakutsiz. Bere belauneko bi lesio larriak gainditu zituen sendotasuna, dedikazioa eta gorputz eta arima aritzea jokalariaren profesionaltasunaren eta futbolarekiko eta Athleticekiko duen grinaren erakusgarri dira.


Muniainek agurra iragartzean une honetan utzi duen ondarea, eta egin duen moduan, aintzatespen handiena merezi du. Kopako finalak eta ondorengo Gabarraren jaiak Bilbon utzitako oroitzapen ezabaezinarekin agur esan dio maite duen klubari. Penalti erabakigarrietako bat sartu zuen, eta De Marcosen ondoan altxatu zuen trofeoa, bere ezkutari leiala mila gudutan. Une horretatik aurrera, Txantreakoa, agian bere agurraren jakitun, ospakizunen buru bihurtu zen. Erakutsitako energia, jarrera eta gogoak Athletic eta bere taldekideez harro dagoen Muniain zoriontsu baten itxura uzten du. Zoriontasuna eta harrotasuna zaleekin partekatu dira, Iker jada betierekoak diren egun loriatsu batzuen dinamizatzaile egokia izanik.

Azkenik, Athletic Clubek jakinarazi nahi du datozen egunetan kapitainari agur eta omenaldi ekitaldia egingo zaiola San Mamesen bertan. Egun berezi horretarako ekitaldia jende guztiarentzat zabalik egongo da.