"Aukera aparta da guretzat"

"Aukera aparta da guretzat"

Ernesto Valverdek uste du koltxoneroak eta lehoiak elkarren aurka lehiatuko diren neurketa "erabakigarria" izan daitekeela

Entrenatzaile zuri-gorria Lezamako prentsa aretoan agerraldi egin du bihar Atletico Madriden aurka jokatzeko Madrilera bidean jarri aurretik. Bi taldeek Txapeldunen Ligako postua eskuratzeko duten lehian berebiziko garrantzia duen partida izango da: "Jokoan jarriko diren puntuak oso garrantzitsuak dira. Sailkapenean atzetik goazenez, neurketak guretzat eurentzat baino finalaren tankera hartzen du. Irabaziko bagenu puntutan berdinduko genituzke, oraindik bost lehia geratzen direlarik. Aldiz, galduz gero, sei puntura geratuko ginateke, eta 15 izango genituzke jokatzeke. Zentzu horretan, guretzat porrota arriskutsuagoa da. Norgehiagoka erabakigarria da, behin betikoa izan daiteke. Baina, era berean, aukera bikaina da guretzat".

Madrildarrek eta bilbotarrek denboraldi honetan elkarren aurka jokatuko duten laugarren aldia izango da. Aurreko hiru partidetan, Athletic Clubek talde koltxoneroa gainditu du, baina Valverdek nahiago du larunbateko partida erabakigarrian zentratu: "Atletico Madriden zelaira joango garela eta ez dugula sufrituko pentsatzea okerra da. Talde bikaina da, Txapeldunen Ligako finalerdietan sartzeko borrokan ibili dena, eta etxean jokatuta oso zaila da guk neurketaren pisua eramatea. Jakin behar dugu une batzuetan estutu egingo gaituztela eta, beste batzuetan, gure aukerak izango ditugula eta aprobetxatu egin beharko ditugula. Tentsio handia egongo da norgehiagokan. Orain arte hiru partida irabazi ditugu euren aurka, baina horrek ez du ezer esan nahi", adierazi du Athleticeko entrenatzaileak.

Azkenik, datorren urtean Iker Muniainek bere ametsetako klubean jarraituko ez duela jakin ondoren, Valverdek kapitain zuri-gorriaren jarrera goraipatu nahi izan du,: "Iker erreferentea da guretzat, aldagelarentzat, entrenatzailearentzat eta Athleticeko zaleentzat. Izan denagatik eta ordezkatzen duenagatik. Bere zenbakiak hor daude, klub berean kontzentratuta, eta berak hartu eta hausnartu duen erabakia da. Egin dezakegun gauza bakarra bera babestea da. Funtsezkoa izan da Klubaren hazkunderako. Aurten taldean egin duena, ateetatik barrura, sinestezina da. Klub batean mitoak bilakatu diren jokalariek hainbeste parte hartzeari uzten diotenean, zaila da digeritzen jakitea eta leku justuan mantentzea eta taldeari urte honetakoak bezalako une garrantzitsuetan titulu bat lortzeko laguntzea. Bera, zentzu horretan, ez du hamarreko jarrera izan, hori baino askoz gehiagokoa izan du".