"Azkenengo jardunaldira arte lehiatzen aritzea oparia da"

"Azkenengo jardunaldira arte lehiatzen aritzea oparia da"

David Aznar igandean Ipuruan aurkari izango duten SD Eibar taldearen "dinamika onaz" ohartarazi du

David Aznar Athletic Clubeko teknikariak agerraldia egin du bihar taldea azken aldiz entrenatu baino lehen SD Eibarren aurkako derbia prestatzeko. Norgehiagoka Ipuruan jokatuko da, igandean, 12:00etan, eta asmo ezberdinak izango dituzten bi talde elkarren aurka arituko dira. Batetik, lehoiek garaipenaren bidera itzultzeko ahaleginak egingo dituzte eta, bestetik, eibartarrek galdu gabeko hilabeteari jarraipena ematen saiatuko dira.

"Hiru puntu gehiago lortzeko gogo handia dugu. Partida guztiak dira garrantzitsuak, baina derbia izateak bereziagoa egiten du. Azken txanpa honetan norgehiagoka zailak izango ditugu, non aurkari guztiak gauzak jokatzen ari diren. Eibar oso gertu dago bere helburutik, hau da, bere burua salbatzetik, eta oso dinamika onean aurkitzen dira. Neurketa zaila izango da, eta are gehiago euren etxean; gure bertsiorik onena ematera behartuko gaituzte", esan du Davidek.

Gainera, teknikariak azaldu duenez, "oso erne goaz partidu honetara. Asko kostatuko zaigu, baina irabazi beharra daukagu lehiaketan ilusioz jarraitu nahi badugu. Argi daukagu zer behar dugun eta zer inposatu behar dugun".

Denboraldiaren azken txanpari dagokionez, David Aznarrek esan du "lehiaketa azken jardunaldira arte bizitzea saria dela. Hirugarren postutik aurrera sari gutxi dagoen liga batean, azken egunera arte aukerekin izateak azken egunera arte hobetzen jarraitzeko aukera emango digu".

Azkenik, Europako txapelketan sartzeko aukerei buruz, zuhur mintzatu da teknikari zuri-gorria, eta honako hau adierazi du: "Batzen jarraitzen duen guztia ez dugu atzera botako. Ea azken jarudnaldian gauza garrantzitsuak lortzeko abaguneaz hitz egin dezakegun".