Gurpegui: "Entrenatzea maite dut, baina barruak gelditzeko eta hausnartzeko unea dela esan dit"

Gurpegui: "Entrenatzea maite dut, baina barruak gelditzeko eta hausnartzeko unea dela esan dit"

Bigarren taldeko entrenatzailea komunikabideen aurrean agertu da bere etapa amaieraren zergatia azaltzeko

Carlos Gurpeguik Bilbao Athleticen aurlkian zergatik ez duen jarraituko azaldu du gaur eguerdian hedabideen aurrean: "Ez da erabaki erraza izan, asko dago atzetik. Entrenatzea da gehien gustatzen zaidana, baina badakit entrenatzaile naizenean zer uzten dudan albo batera. Pentsatzeko, hausnartzeko eta nire bizitzan nahi dudanari buelta bat emateko denbora behar dut. Nire familiaz, seme-alabez eta gurasoez gozatu nahi dut. Uste dut lasaitasunetik erabaki hobeak hartuko ditudala. Kanpotik jakin nahi dut zerk pisatzen duen gehien balantza honetan".

Andosillako mitoak amaiera eman dio 26 urtez jarraian Athleticen egin duen ibilbide bikainari: jokalaria 15 denboralditan, Valverderen laguntzailea botak zintzilikatu eta hurrengo kirol urtean, Klubaren enbaxadorea ondoren eta harrobiko teknikaria azken hiru denboraldietan. Basconian eta Bilbao Athleticen lehen entrenatzaile gisa, Lezamako futbolarien banakako eta taldeko hazkundean asko lagundu du, lehoikumeak Primera Federacion mailara itzularaziz eta lehen taldearen dinamikan jada ekarpena egiten ari diren okalari-multzo handi bat prestatzen lagunduz. 

"Eskerrak eman nahi dizkiot Klubari, eta pertsonalki Mikel Gonzalezi, Bilbao Athletic entrenatzeko aukera emateagatik, egoera zail batetik zetorren taldea baitzen eta ni esperientzia handirik gabeko entrenatzailea nintzelako. Ez hori bakarrik, otsailean kontratua berritzea eskaini zidaten pozik zeudelako egiten ari ginenarekin", azaldu du Gurpeguik.

Lehoi ohiak sakon aztertu du bere erabakia: "Zalantzak aurreko denboralditik izan ditut. Jokalari gisa kirol-ibilbide berezia izan dut, oso une zailekin, eta iruditzen zait oraindik ez dudala motxila hori kendu. Entrenatzea ez da jokatzea bezala, gauza asko eramaten dituzu etxera entrenatzaile gisa. Gazteek apustu handia egiten dute bizitzan futbolaren alde, eta haiei eragiten dieten erabakiak hartu behar dira. Nik, nire izaeragatik, erabaki eta balorazio horietako asko etxera eramaten ditut nirekin. Bilbao Athleticen egindako denboraldi bikainarekin, banuen zerbait barruan erabat gozarazten uzten ez zidana. Egin dugun urtearen ondoren gozatu ez badut, gelditzeko, niretzat denbora hartzeko eta bizitzako beste gauza batzuez gozatzeko unea heldu dela pentsatzen dut". 

Amaitzeko, Gurpegik Athleticen "bigarren familia" sentitzen duela azaldu du: "Harro nago hainbeste urtez Klubaren ordezkari izan naizelako, horrek dakarren guztiarekin. Hori guztia iritsi nintzenean pentsaezina zen, nire inguruko inork ez zuen uste hainbeste urte emango nituenik, hainbeste lortuko nuenik. Athletic nire familia da".

Mikel Gonzalez: "Ateak beti egongo dira irekita Gurpegirentzat"

Mikel Gonzalez futboleko zuzendari nagusiak azpimarratu du Gurpegi "eredua" dela "Lezamara iristen den edonorentzat", baita entrenatu dituen jokalari guztientzat ere: "Erabaki ausarta da eta erabat errespetatzen dugu, noski, baina ateak beti egongo dira zabalik berarentzat. Espero dezagun puntu eta aparte bat izatea, eta ez betiko amaiera bat".

"Gurpegik lan bikaina egin du, ikusgarria, helburu guztiak ondo baino hobeto bete ditu. Klubaren izenean, eskerrak eman nahi dizkizut zure ibilbideagatik, zure egunerokotasunagatik, zure izateko moduagatik, zure profesionaltasunagatik eta une onetan zein txarretan Athletic sentitzeko izan duzun moduagatik ", adierazi du Mikel Gonzalezek.