Unai Simonek 2029ra arte luzatu du Athletic Clubekin duen konpromisoa

Unai Simonek 2029ra arte luzatu du Athletic Clubekin duen konpromisoa

Atezain ikonikoak, bere ibilbide profesionalaren gailurrean, lau denboraldirako eta etete klausularik gabe berritu du

Athletic Clubek eta Unai Simonek lau denboraldiz luzatu dute kontratua gaur eguerdian, 2029ko ekainaren 30era arte. 26 urterekin, atezain ikonikoak fideltasuna erakusten duen pauso berri bat eman du bere ibilbide profesionalaren gailurrean, bakarka (jardunaldi baten faltan Zamora Trofeoaren lidergora eraman duten hutsean utzitako 16 neurketatan islatuta) eta taldean, ligako bosgarren postua eta Kopako titulua lortu duelarik. Bere sinadura, etete klausularik gabe, San Mamesen gauzatu da, bere bigarren Eurokopa lehiatu aurretik. Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez Futboleko zuzendaria ere bertan izan dira.

Murgiatik kadete mailan iritsi zen Simonek berriz ere ekintzekin Athletic Clubarekiko duen konpromiso mugagabea erakutsi du. Sei denboralditan 194 partida jokatu ditu lehoi gisa eta bere etengabeko hobekuntzak San Mameseko ateko zaindari gisa mantentzera eraman du. Jokalariak duen garrantzia bere errendimendu ikaragarritik harago doa, ligako denboraldi honetan funtsezkoak izan diren hiru penalti gelditzera ere erdietsi du. Gainera, Simonen karisma eta laguntasuna egunerokoan Julen Agirrezabalarekin, Kopako arrakastako protagonistarekin, mantentzen duen elkarbizitza eredugarrian eta honen hazkundearen laguntzan nabarmaentzen da.

Bere kalitateak Espainiako selekzioan partida gehien dituen laugarren futbolari zuri-gorria izatea ahalbidetu du (39), soilik Joseba Etxeberria, Jose Angel Iribar eta Julen Guerrero aurretik dituela. Bi Eurokopa horiez gain, Munduko Txapelketa bat jokatu eta, penaltietan egindako lanari esker, 2023ko Nazioen Liga irabazi du.

Unai Simonek adierazi duenez, "munduko atezainik onena izatea gustatuko litzaioke, baina klub honetako kide izanda. Uste dut hori oso anbiziotsua dela". Gaineratu duenez, "badakigu zaila dela hemen tituluak irabaztea, baina Kopan gertatu zen bezala, guretzat ez ezik, zaleentzat ere, gauza zoragarria da, bakarra, eta uste dut merezi duela beste klub batzuetan irabaztea baino".

Gainera, klausularik gabe berritzea "maila honetara iristen lagundu didan jendeari eskerrak emateko modu bat dela" azpimarratu du. "Oso pozik nago Athleticen eta eskerrak emateko modurik onena hemen egotea da, Klubak nahi duen arte. Berdin dio ze talde datorren, nire ideia hemen egotea da".