
Dani Vivian Athletic Clubekin konprometitu da 2032ra arte
Dani Vivian Athletic Clubekin konprometitu da 2032ra arte
Erdiko atzelariak sei denboraldiz berritu du bere kontratua Eurokoparako kontzentratu aurretik
Dani Vivianek eta Athletic Clubek aurrerapauso handia eman dute urte askoan eskutik helduta jarraitzeko. Erdiko atzelariak sinatuta zuen baino sei denboraldi gehiagorako konpromisoa hartu du, 2032ko ekainaren 30era arte. Eta Ibaiganen egin du, Jon Uriarte presidentea bertan zela, Luis de la Fuentek Eurokopa jokatzeko postu bat bilatzeko kontzentrazioan parte hartu aurretik.
Vivianen hazkundea meteorikoa izan da. 24 urterekin, erdiko atzelari gasteiztarra eztabaidaezina bihurtu da atzealdearen ardatzean, eta denboraldi honetan 40 partida jokatu ditu (37 titular gisa), hiru urtetan batu dituen 103 neurketetatik. Bere errendimendu handiari esker, Espainiako selekzioaren lagunarteko partida batean estreinatu zen, martxoan, Wembleyn, Kolonbiaren aurka. Batez beste 6,5 baloi berrekuratu ditu eta ligako hirugarren erdiko atzelaririk baloratuena da.
Vivian gaztetan iritsi zen Santutxu FC taldetik CD Basconian sartzeko, eta etengabeko urratsak eman zituen Lezaman hobetuz. 2020/21 denboraldian CD Mirandesera utzita joan zen, non, gaztea izan arren, kapitain bihurtu zen futbol profesionalean estreinatzen zenean.
Lehoi gisa hiru gol sartu ditu, eta Kopako txapelduna, Oihan Sancetekin batera, kontratu luzeena duen taldeko jokalaria da. Bi aldeek proiektuan duten konfiantzaren erakusgarri da. Klubak egindako ildoari jarraituz, kontratua aldagarri-osagaia duen soldata-egituran oinarritua eta helburu jakin batzuk betetzeari lotuta dago.
Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusiaren ustez, Vivianek Athletic Cluben alde egindako apustua "jokalariek proiektuarekiko duten erakarpenaren beste adibide bat da".
"Etengabeko eboluzioan dagoen jokalaria da, pentsamolde irabazlearekin, eta egunerokoan duen anbizioak momentuko erdiko atzelari onenetako bat izatea eragin dio. Bere kontzentrazio-maila, abiadura eta aurrerantz defendatzeko gaitasuna ezin hobeto egokitzen dira gure joko-eredu zorrotzean bilatzen dugun zentraleko profilarekin".