Ezusteko berritze hirukoitza ekitaldi hunkigarri batean gure zaleekin Geuria!-n

Ezusteko berritze hirukoitza ekitaldi hunkigarri batean gure zaleekin Geuria!-n

200 jarraitzaile izan dira San Mameseko Sports Bar tabernan Jone Amezaga (2027), Irene Oguiza (2026) eta Beñat Pradosen (2031) kontratu luzapenak ezagutu dituzten lehenak

Zaleak dira lehena Athletic Cluben. Eta hori saritzeko, ezusteko ekitaldi bat diseinatu dugu San Mamesen, zelaiko Geuria!, Sports Bar tabernan Guztion Kopa ekimenaren saio berezian izena eman zuten zaleentzako. Sekulako oparia izan da beraientzat. Garaikurrarekin erretratatzeaz gain, gure jokalariekin batera ere egin ahal izan dute. Gainera, Klubak jakinarazitako kontratu luzapenen berri izan duten lehenak izan dira.

Xabi Mendiak ekitaldia aurkeztu zuen, eta athleticzaleak 25. koparekin erretratatzen ari ziren bitartean, lehen ezustekoa iritsi zen. Bat-batean, atzeko pantailan, Jone Amezagak, Athleticeko gure golegile gazteak, bere kontratua 2027ko ekainaren 30era arte luzatzen zuela iragarri zuen San Mameseko aldagelan bart grabatutako bideo batean. Ezin izan zuen zuzenean egin, gaur goizean amigdalak operatzen ari zirelako, baina bere ilusioa partekatu nahi zuen.

Segidan, Irene Oguiza, taldeko kapitainetako bat, eta Jon Uriarte presidentea sartu ziren aretoan. Erdilariak, Klubak zelai erdian duen itxaropen handienetako bat, bere irribarrea zabaltzen zuen 2026ra arteko sinadura zuen kamisetaren ondoan. Txaloak entzuten ziren.

Hori ez zen guztia. Ondoren, Beñat Prados miresmen artean agertu zen ekitaldian. Valverderen taldeko jokalariak Uriarteren eskutik jaso zuen kamiseta, sei denboraldiz luzatuko zela iragarriz, 2031ra arte, hain zuzen ere. Zaleek sekulako gola bezala ospatu zuten aretoan.

Presidentearen hitzak amaiera bikaina izan ziren jarraitzaile bakoitzak Oguiza, Prados eta Koparekin irudi bat eta sinatutako argazki bat eraman aurretik. “Kanpoko eskaintzak gorabehera, jokalari hauek Athleticekoak dira eta guztion artean sortzen ari garen proiektuan sinesten dute. Talentu hori izatea ezinbestekoa da titulu gehiago lortzeko. Dena ematen ari gara. Pauso txikiak dira, Athletic are handiago bat lortzen lagunduko digutenak”.