Klubak Lezamako proiektua aurkeztu dio Europako Batzordeari

Klubak Lezamako proiektua aurkeztu dio Europako Batzordeari

Margaritis Schinas presidenteordea buru duen ordezkaritza batek Athleticen instalazioak bisitatu ditu Jon Uriarte presidentearekin batera, eta gure kirol, formakuntza eta gizarte-planaz interesatu da

Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordea eta Maria Luisa Llano Cardenal eta Ioannis Virvilis bere kabineteko kideak Athletic Clubeko instalazioetan izan dira gaur eguerdian, ordu eta erdiz, Lezaman garatzen den kirol, formakuntza eta gizarte proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Jon Uriarte, Athletic Clubeko presidentea, Jon Berasategi, zuzendari nagusia, eta Mikel Gonzalez, futboleko zuzendari nagusia, izan dira batzordeari harrera egin eta Klubaren harrobiaren oinarri diren zutabeak azaldu dituztenak. 

Ordezkaritza txundituta joan da zuri-gorriek egindako apustuaren handitasunagatik eta zentzuagatik. Oier Unamuno gazte mailako jokalariarekin batera bisitatu dute, eta honek Klubeko kide izatea zer den azaldu dio. Schinasek, greziar kirolzale eta batez ere futbolzale amorratua, Ernesto Valverderekin hitz egiteko aukera izan du, eta zorionak eman dizkio, ez bakarrik gaur eguneko arrakastengatik, baizik eta bere herrialdean oro har duen inpaktuagatik eta aintzatespenagatik.

Lehen mailako errendimendu handiko zentro batean egiten den prestakuntza integraleko proiektu batez ari gara, Athleticena, eta, gainera, kirola eta futbola balio sozial handiko tresna bihurtzen dituzten lan-ildoak txertatzen ditu, komunitatearen inklusioa, kultura eta ongizatea bultzatuz. Johana Ruiz-Olabuenaga Gizarte Arloko zuzendariak eta Raul Martinez Estrategia zuzendariak Klubaren ordezkaritza osatu dute eta proiektuaren epe labur eta ertaineko dimentsioan sakondu dute.

Athletic Clubentzat lehentasuna da futbolaren eta kirolaren bidez gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzeko proiektu sozialaren nazioarteko eragina garatu eta biderkatzea, bai eta arrazakeriaren aurkako eta aniztasunaren eta genero-berdintasunaren aldeko erreferentzia eta eredu izatea ere. Jarduera fisikoa gizartean osasuna eta bizitza-luzera hobetzeko tresna gisa sustatzea ere Klubaren helburuetako bat da.