"Oso talde ona daukagu"
Oscar de Marcosek, Athleticeko lehen kapitainak, denboraldiko sentsazio onei jarraipena ematearen eta "zerbait politaren alde borrokatzearen" aldeko apustua egin du
Oscar de Marcos Athletic Clubeko kapitainak denboraldiaurrearen hasieraren balantzea egin du Lezaman. "Oso talde ona dugu. Iaz denboraldi bikaina egin genuen, zergatik ez borrokatu aurten ere zerbait polita lortzeko?", bota du Guardiakoak.
San Mamesen kontratua berritu duela iragarri eta Iker Muniainen besokoa jaso ondoren, De Marcosek bere hamaseigarren denboraldia beteko du Athletic Cluben, lau lehiaketako denboraldian: "Hainbeste kostatu zaigun langa hori gainditzea lortu dugu eta titulu bat irabazi dugu. Behin hori lortuta, zergatik ez jarraitu sortu diren ilusio eta itxaropen horiekin?".
Athleticeko kapitainak gogorarazi du taldeak helburuak bete zituela iaz parte hartu zuen bi txapelketetan: "Balio berezia eman behar zaio, behin Kopa irabazita, bosgarren izateko borrokatu baikenuen. Aurten saiatuko gara, lau ditugula, zerbait polita lortzen ".
Europara itzultzeari buruz, De Marcosek gogora ekarri du Bilbon partiden atarian sortzen den giroa: "Ilusio handiarekin bizi dira eta horrek asko laguntzen digu neurketei aurre egiteko. Zaleei pozak ematen saiatuko gara eta ea bizi ezin izan duten askok giro polit horretaz gozatu dezaketen". Taldeari dagokionez, Guardiakoak azpimarratu du "ea beteranook gazteei gure esperientziarekin laguntzen diegun eta haiek, Europan lehen aldiz jokatzeko ilusio horrekin, gu partida onak egitera eramaten gaituzten".
Azkenik, Nico WIlliamsen etorkizunaren inguruko polemikaren inguruan galdetuta, De Marcosek adierazi du "Nicok erabakia libreki hartzea" dela bere kezka bakarra, honako hausnarketa honekin batera: "Nire ustez, onena Athleticen jarraitzea da. Zergatik? 22 urte dituelako, futbolari batentzat progresio ezin hobea daramalako, urtetik urtera hobea izaten ari da. Horrela, duen entrenatzailearekin, sekulako etekina atera diona, Espainiako selekzioarekin deitu dute, titularra da eta Eurokopako jokalari onenetako bat izan da. Leku ezin hobean dagoela uste dut, maite duen aldagela batekin, lagunez, anaiaz... inguratuta. Uste dut leku ezin hobea dela jokalari bezala hezten jarraitzeko ".