Boisetik Euskal Herrira

Boisetik Euskal Herrira

Kadete mailako Indie Chicas klubeko bederatzi jokalari, Idahon emakumeek soilik osatutako bakarra, Lezaman entrenatuko dira euskara eta Athleticekin erlazionatutako jarduerez betetako astean

Athletic Cluben eta Idahoren arteko harremanak, Boise hiriburuan bizi den euskal komunitatearen bitartez, etengabe hazi dira azken hamarkadan. Iraia Iturregi, Erika Vazquez eta Ainhoa Tirapuk osatutako Athletic Clubeko ordezkaritza batek Idaho bisitatu eta 2014an campus batean parte hartu zuenetik, euskal senidetzeko hainbat ekimen izan dira. Garrantzitsuena, gizonezkoen lehen taldeak Boise State Universityko Albertsons Stadiumean Club Tijuana Xoloitzuintles-en aurka 2015eko uztailean jokaturiko partida. Denboraldiaurreko neurketa honek Jaialdi ospetsuarekin bat egin zuen, hots, Boisen bost urtean behin ospatzen den euskal jaia, eta ordezkaritza zuri-gorri zabalaren partizipazioa egon zen.

Oraingo honetan, kadete mailako Indie Chicas taldeko bederatzi jokalariz osatutako ordezkaritza da, Idahon emakumezkoek soilik osatutako bakarra, 2014ko bisita hura itzultzen duena. Iraileko lehen astean bertako zenbait familirekin hartuko dute ostatu eta euskara eta Athleticekin erlazionatutako jarduerez beteriko bidaia plana izango dute.

Athleticen Kadete mailako taldearekin batera Lezaman jokatuko dituzten entrenamenduez eta partidez gain, bederatzi jokalariek Bilboko Euskararen Etxea, Laida eta San Migueleko eliza – igo ondoren, handik Urdaibai osoaren edertasunaz gozatzeko –, Gernikako azoka edo AC Museoa ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, Iraia Iturregik berak (2014an Boise bisitatzeaz gain, 2006/07an AEBko Florida State Universityn jokatu zuen) anfitrioi lanak egingo ditu taldea Lezamara iristen denean, instalazio zuri-gorriak erakutsiz. Beste kapitain zurigorri ohi batek, Garazi Muruak (East Tennessee State Universityrekin Estatu Batuetako futbol unibertsitarioan seihileko bat jokatu zuen 2014an), futbolaren elitean duen esperientziaz eta Athletic Cluben egin duen ibilbideaz hitz egingo die asteazken goizean. Goizeko jardueren artean, euskarazko tailerra ere egongo da.