“Los Williams”-en aurrestreinaldia Bilbon

“Los Williams”-en aurrestreinaldia Bilbon

Gizonezkoen lehen taldea, Jon Uriarte presidentearekin eta Klubaren ordezkaritza handi batekin batera, filmaren aurrestreinaldian izango da BBK Aretoan

Donostiako Zinemaldian izan ondoren, "Los Williams" filmaren aurrestreinaldia gaur arratsaldean egin da Bilboko BBK Aretoan. BBK Fundazioak antolatutako emanaldi esklusiboan dokumentalaren hiru protagonista nagusiak izan dira, Iñaki eta Nico Williams, eta bere ama maitea, Maria Arthuer, 125. urteurrenean Athletic Clubeko enbaxadorea eta filmean paper garrantzitsua duena. Williamsen familiarekin batera, Jon Uriarte Klubeko presidentea, Xabier Xagredo BBK-ko presidentea eta gizonezkoen lehen taldeko langileak joan dira filmaren aurrestreinaldira, baita Jose Angel Iribar buru duen Klubaren ordezkari ugari ere.

Dokumentalaren amaieran, solasaldi txiki bat egin da, eta, Williams anaiez gain, Raul de la Fuente dokumentalaren zuzendariak ere parte hartu du.

Iñaki anaia nagusiak adierazi duenez, "nire ama borrokalaria da, bizia emango genuke beregatik. Film honek zerbait hobearen bila datorren jendearekin enpatizatzeko balio du. Bizitza zer den irakaspen txiki bat izatea espero dut".

Bestalde, Nico anaia gazteenak dio hunkitu egin zela filma ikustean: "Emozio handia sentitu nuen hura ikustean. Umiltasun handia transmititzen du. Ama basamortuan ikusteak zure bizitzari buruz pentsarazten dizu..."

"Los Williams" argumentu-lerro bikoitza duen filma da

Alde batetik, kamerak gertutik eta kronologikoki jarraitzen du Iñakik eta Nikok azken bi urteetan izan duten kirol abentura, Qatarreko Munduko Txapelketatik hasi eta Eurokoparaino, nola ez, La Cartujako 25. Kopako garaipenetik igarota. 

Narrazio futbolistikoagoarekin batera, dokumentala Williams familiaren bizi-esperientzian murgiltzen da, Ghanan hasita eta familiako aitonari egindako omenalditik, gurasoen basamortuko zeharkaldiaren eta Bilbora iritsi izanaren oroitzapen hunkituraino, non Iñaki Mardonesek, jaioberri zaharrenari bere lehen Athleticeko ekipazioa oparitu zion apaizak, harrera egin zien.

Bi argumentuen nahasketak, futbolarena eta bizitzarena, pelikularen kalitatea goratzen du eta Williams familia eta Athleticeko bi lehoiak (panterak) benetako erreferente sozial bihurtzen ditu. Haiek dira, Iñaki eta Nico, gurasoekin eta familiako gainerako kideekin batera, migrazioaren balio sozial eta kulturala hobekien utzi dutenak.

Hain zuzen ere, "Migrazioaren balio sozial eta kulturala" izenburupean, Athletic Club Fundazioak hitzaldi bat antolatu zuen iaz "Letrak eta Futbola" jaialdiaren barruan. Williams familia protagonista duen topaketa honetan Maria Arthuerrek bere intsignia jaso zuen Athletic Clubeko enbaxadore bezala.