
"Teresa Herrera txapelketako arantzatxoa kendu nahi dugu"
"Teresa Herrera txapelketako arantzatxoa kendu nahi dugu"
Entrenatzaile zuri-gorriak uste du Deporren aurkako udako lagunartekoa baliagarria izan behar dela bihar ligan Galiziako taldeari irabazteko
Riazorrek hartuko du berriz RC Deportivo Abanca eta Athletic Cluben arteko lehia. Oraingoan, eta ez abuztuan bezala, Liga F-ko partida izango da, laugarren jardunaldikoa, eta hiru puntu egongo dira jokoan. David Aznarrek bere iritziak eman ditu neurketa honen atarian, espedizioa bihar 20:30etik aurrera Coruñako estadioan jokatzeko Galiziara abiatu baino lehen.
Teknikariari Bibi Schulze erdiko atzelariaren lesioaz galdetu diote lehenik. Albiste txarra "baja traumatikoa" izan dela esan du, eta, gainera, "kirol mailan baja garrantzitsua da, eta talde mailan eta aldagelaren kohesioari begira ere". Aznarrek adierazi duenez, "maila emozionalean asko zigortzen zaituen lesio bat da, taldearen dinamikatik denbora luzez urruntzen zaituelako. Futbolaren aurpegi mingotsa da". Gainera, Irene Oguiza eta Itxaso Uriarteren bajak berretsi ditu, joan den astean Real Madriden aurkako deialdian ere egon ez zirenak.
Biharko norgehiagokari dagokionez, Davidek esan du "Teresa Herrera txapelketako arantzatxoa kendu nahi dugu. Meritua egin genuen zerbait gehiago lortu ahal izateko. Bi gol jaso genituen alferrikako galera-egoeretan, eta oso garesti ordaindu genuen. Hortik ikasi behar dugu. Baloiarekin nagusitasuna izan genuen, baina ez genuen arriskurik sortzen. Bi taldeok eboluzio handia izan dugu abuztuko partidatik, eta ziur aski neurketa guztiz ezberdina ikusiko dugu".
Prentsaurrekoan 3. jardunaldiko Real Madriden aurkako norgehiagokaz ere hitz egiteko denbora izan da. Entrenatzaile zuri-gorriaren ustez bere taldea "errespetu handiegiarekin" irten zen Valdebebaseko berdegunera. "Atsedenaldian gauzak aldatu genituen eta zorionez Real Madrid menderatzeko gai izan zen Athletic ikusi genuen. Bigarren zatiko 20 edo 25 minutu horiek lehen bi partidetan irabazitako sei puntuak baino askoz gehiago eman dizkigute. Guk nahi dugun taldea ikustearen sentsazioa izan zen, iaz gauza garrantzitsuekin amets eginarazi ziguna. Horri jarraipena eman nahi diogu", amaitu du.