Erregelamendu berriei buruzko balorazioak

Erregelamendu berriei buruzko balorazioak

Gorka Cubes batzordekideak hurrengo Batzarrean bozkatuko diren hiru erregelamendu berriak azaldu ditu: Peñen, Peñakideen eta Kidetzarena; Hauteskundeena; eta Erantzukizun Sozial Korporatibo eta Gobernantza Onarena

Gorka Cubes Athletic Clubeko Zuzendaritza-Batzordeko kideak bideo berri baten bidez azaldu ditu datorren urriaren 29ko Ohiko Batzar Nagusiaren Gai-zerrendako Seigarren, Zazpigarren eta Zortzigarren puntuen xehetasunak: Peñen, Peñakideen eta Kidetzaren; Hauteskundeen; eta Erantzukizun Sozial Korporatibo eta Gobernantza Onaren Erregelamenduen azterketa eta onarpena.
 

Klubeko Peñen, Peñakideen eta Kidetzaren Erregelamendua sakon eztabaidatu da Peñen Nazioarteko Federazioko kide diren elkarte guztietako ordezkariekin. Erregelamendu horren helburua da Estatutuak garatzea, Peña Ofizialei eta Peñakide Ofizialei aplika dakizkiekeen eskubide eta betebeharren arteko araudi- eta oreka-esparruak ezarriz, bai eta Athletic Clubeko Kide Jarraitzaileei aplika dakiekeen alderdi-araubidea ezarriz ere.

Cubesek bideoan azpimarratzen duen bezala: “Erregelamendu honek ezartzen dituen neurriak edo Klubak ezar ditzakeenak ez dira diru-bilketan oinarrituko. Aitzitik, Peñakide bakar batek ere ez du inolako kuotarik ordaindu beharko izaera hori eskuratzeagatik, eman dakizkiekeen eskubide osagarriak eskuratu nahi dituztenek izan ezik, eta, nolanahi ere, diru-sarrera horiek beti itzuliko dira peñek eurek garatzen dituzten proiektu edo ekimenetara edo Athletic Cluben edo Athletic Club Fundazioaren proiektuetara”.

Hauteskunde Erregelamenduak boto elektronikoa arautzen du, eta berrikuntza garrantzitsuak dakartza hautagai-zerrenden abalak biltzeari dagokionez. Batzordekidearen hitzetan: “Hautagaitzak aurkezten lagunduko duen, segurtasun juridikoa eta gardentasuna bermatuko dituen eta prozesua ahalik eta gehien erraztuko duen dokumentu orekatua idazten saiatu gara".

Azkenik, Erantzukizun Sozial Korporatibo eta Gobernantza Onaren Erregelamenduak konpromiso bikoitza betetzen du: “Gizartearekin, bere ingurunean eragin positiboa sortzeko; eta gobernantza onarekin, kudeaketa etiko, garden, arduratsu eta eraginkorra sustatuz”. Erregelamenduak Kode Etiko bat jasotzen du, eta Kluba gidatu behar duten funtsezko printzipioak jasotzen ditu.